«Hauek Erriberakoak dira eta beste hauek bertako baserri batekoak. Berdin balio dute: euro eta hamar», erantzun zion dendariak letxugak esku banatan hartuta. Bildu berriak ziruditen biek eta itxura ederra zuten baina nabaria zen Erriberakoa handiagoa zela. «Emadazu bertakoa» erantzun zion bezeroak. Tamaina berdinekoak izanda prezio berdinean Leitzakoa aukeratzea erraza zen. Baina prezio berdinean letxuga handiena proportzioan merkeagoa izan arren andreak bertakoaren alde egin zuen. Ez da oso zaila arrazoia ulertzea: konpromisoa. Bezerook asko egin dezakegu bertako ekoizle txikien eta, bide batez, ingurumenaren alde, eta baserritarrek gaur egun bizi duten egoera negargarriak hobera egin behar badu horixe beharko dugu: askoz ere konpromiso handiagoa beraiekin.