Erasorik gabeko uda baten alde

Erabiltzailearen aurpegia Markel Adin Bidegain 2026ko ekainaren 20a

Uda ailegatu da: oporrak, besta, hondartza, eguzkia… Batzuek horrekin lotuko duzue. Uda ailegatu da: eraso gehiago, gorputzaren esposizioa, turismoaren masifikazioa… bertze batzuok, desgraziaz, honekin lotzen dugu.

Uda ailegatzen denean, badakigu jendea sugandilak bezala ateratzen dela karriketara, eta jende gehiago karriketan egoten den honetan, erasoak ugaritzen dira, eta ez bakarrik eraso fisikoak. Erasoak badira irainak, begiradak, epaiak, bortxaketak… Egia erran, niri arras zaila egiten zait entenditzea 2026an oraino hau esplikatzen egon behar izaten dugula, baina tira, zerbaitetarako balio badu, behar den guzietan egiteko prest.

Eta gaur hortaz ari nahiko nuke, esplikatzeaz eta entenditzeaz, eta karrikara ateratzeaz. Hain justu, uste dut 2026an ez entenditzea zer den eraso bat nahiko larria dela, adibideak hain argiak baitira… eta zinez, ez duenak entenditzen, ez da ez duelako entenditzen, entenditu nahi ez duelako baizik, adibideak baitira horren argiak eta bistakoak…

Orduak pasatzen ditugu jendeari esplikatzen zer den eraso bat, nola saihestu daitekeen, ze prebentzio neurri hartu daitezkeen, eta erasoren bat egotekotan nola jardun edo ze metodo erabili daitezkeen horri erantzuteko. Baina badirudi ez dela aski, gaur egun, oraino ere eraso pila bat baitaude gure herrietan, eta ez dakit zein den formula eraso horiek ekidin, eta pertsona guziendako besta jasangarriak eraikitzeko, guk jartzen baitugu gure partetik ahal den dena, baina hau ikusita, uste dut bertze batzuek baduzuela ardura hemen.

Eta argi utzi nahi dut, eraso horiek izatea ez dela gure ardura, ez direla eraso horiek gertatzen ez dugulako lan aski egiten, erasotzaileek momenturen batean eraso egitea erabakitzen dutelako baizik. Eta hemendik mezu argi bat bidali nahiko nieke erasotzaile guziei: ez badakizue pertsona zibilizatuak bezala egoten, ez etorri besta egitera. Nik egiten dut besta aski gustura eta ez dut inori eraso egiteko beharrik, eta ez diot inori eraso egiten, eta erran bezala, arras ongi pasatzen dut, eta mozkortzen naiz, eta batzuetan pasatzen naiz mozkorrarekin, eta dantzan aritzen naiz, eta ikusten dut gustatzen zaidan jendea, eta hartzen ditut ezezkoak, baina ez da eraso egiteko aitzakia.

Bertzetik, muxu bat ni bezala sufritzen duzuen ehunka gazte eta ez hain gazteri. Gure artean sareak eraikiz irauliko dugu sistema heteropatriarkal kapitalista hau, eta animatu nahi zaituztet gurekin elkartu eta antolatzerat, erasoen aitzinean elkar zaindu eta babestea ezinbertzekoa baita.

Gora borroka transfeminista!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun