Aunitz dira egun eskualdeko gazteok ditugun arazo eta erronkak: etxebizitza edo lan duin bat eskuratzeko zailtasuna, egunerokoan pairatu behar izaten ditugun eraso matxistak, komunikabide zein karriketan hedatzen diren mezu/eraso faxistak, bizi proiektu bat irudikatzeko ezintasuna… Eta ez, nik ez dut inposatu nahi diguten bizi eredu hau nahi. Zapalkuntzarik gabeko herri bat behar dugu eta horretarako independentzia tresna gisa erabili behar dugu.
Eskuin muturrak Euskal Herrian deus gutti dauka egiteko, baina momentua ikusten dutenean ongi aprobetxatzen dute, eta arras ongi dakite ezkerreko jendearen diskurtsoetan eragiten, eta erne ibili behar dugu. Ikusi dugu nola egin duten Euskal Udalekuekin azken hilabeteetan. Ikusi dugu ezkerreko jendeak nola erosi izan dituen Abaskalek botatako hitzak, ikusi dugu ezkerreko jendea faxismoa zuritzen, ikusi dugu Euskal Udalekuek, izenagatik eta izaeragatik jasan duten difamazio kanpaina eta lintxamendu bortitz erraldoia. Eta hau ez du bakarrik eskuin muturrak egin, gure lagunek egin dute, ezkerreko diskurtsoak dituzten lagunek, eta erne ibili behar dugu.
Bide honetan gazteoi indarrak bildu eta Euskal Herriari ekarpena egitea dagokigu, horregatik ezinbertzekoa da egun bizi ditugun problematika horien guzien aitzinean antolatzea. Salatu ditzagun jarrera matxistak dituzten gizonak, etxebizitzarekin negozioa egin nahi duten espekulatzaileak, jarrera arrazistak dituzten gure ingurukoak. Borrokatu ditzagun hedatzen ari diren jarrera erreakzionarioak; Denak ez baitu balio, askatasuna ez baita bertzea zapatuz norberak nahi duena egin eta erratea.
Eta batzuek pentsatuko duzue: zertarako nahi duzue independentzia? Hori ez al da separatista izatea? Ez da egoista?
Ba ez, gure proiektua ez da separatista, ez da egoista. Finean, helburua ez delako independentzia, helburua, zapalkuntzarik gabeko herri bat da, eta horretarako independentzia tresna gisa hartu eta lortu behar dugu. Bakarrik independentziarekin lortuko dugulako guk gure bizitzaren inguruko erabakiak hartzea, eta ez bizitza egina duten aberatsek. Bakarrik independentziarekin lortuko dugulako hemen hemengo erabakiak hartzea, eta ez Madrilen edo Parisen.
Soilik ongi antolatutako herri batek lor ditzakeelako helburu handiak, bakarrik ezin da, kolektiboan bai. Antolatzeko garaia da, gazteok independentzia!