Gazte aunitz gaude etxetik atera nahian; nahia baino gehiago, beharra erranen nuke. Gazteoi etxe huts bat alokatzearen beldur da jendea, etxeak hausten dituzten eta ordaintzen ez duten munstroak bagina bezala tratatzen gaituzte. Beldurrarekin, haserre. Gazteok kriminalizatzen gaituzue, ume batzuk bagina bezala tratatzen gaituzue. Gazteok bagara gai gure bizitza aitzinerat eramateko, bagara gai pisu bat zaintzeko, bagara gai nahi dugun guzia egiteko.
Gainera, erosterakoan, prezioak onartezinak dira. Erraterako, Elizondon logela bat, komun bat, eta sukaldesaloi bateko pisu bat 140.000€eurotan egotea basakeria latza iduritzen zait. Zertarako ditugu etxe hutsak? Jendea bizitzeko edo dirua egiteko?
Diruaren kontu beretik, erran nahi nuke etxebizitzak merkatu bihurtu direla, gazteoi edo herriko jendeari alokatu beharrean, nahiago izaten duzue Madrildik etortzen diren turistei udan alokatu. Bai, zuek, segur aski hau irakurtzen ari zareten aunitzek baduzuelako etxe bat libre, eta «udan betea» egoten denaren aitzakiapean ez diguzue guri alokatzen. Turismoak ere gogor jo gaitu, baina ez zait iduritzen turistena denik errua bete-betean. Ardura handiagoa dute etxejabeek, haiek erabakitzen baitute zer nahiago duten: herria herritarrondako edo herria kanpotarrendako.
Hau da nahi dugun etorkizuna, herrian bizi nahi dugu, baina ez dugu non. Herritarroi eta batez ere gazteoi, ezinezkoa zaigu etorkizuna gurasoen etxetik kanpo imajinatzea, gurasoengandik aske egotea.
Sarritan erraten dugu gazteon belaunaldia ameslarien belaunaldia dela, eta bagara ameslariak, nik noizbait amestu nuen baztandarrok biziko genukeen Baztan batekin.