Amazon vs Kaxkamelon

Erabiltzailearen aurpegia Markel Adin Bidegain 2024ko ots. 4a, 09:30

Zangueko leihatilan ikusi dituzu oinetako batzuk, ikaragarri gustatu zaizkizunak, baina pentsatzen jarri zara, eta okurritu zaizu Amazonen begiratzea eta… Hara! Badira iduritsuak, eta gainera, merkeago. 'Karroan' sartu duzu, eta esperatuko duzu, ea bertze zerbait ikusten duzun.

Fantxiketik pasa, eta ikusi duzu leopardo estanpatua duen bainujantzi bat, baina hurrengoa pentsatu duzu: «Amazonen begiratu eta ziur bainujantzi iduritsua dagoela, eta gainera merkeago, zapatilak bezala».

Kaxkamelonen ere ikusi duzu egurrezko jostailu bat, baina pentsatu duzu, Amazonen izanen dela jostailu bera, eta gainera koloretakoa. Amazonen webgunean sartu, eta ikusi duzu badagoela, baina plastikozkoa da. Zeure baitan pentsatu duzu berdin duela plastikozkoa izatea, jostailuaren forma berbera baitu, eta gainera, kolore bitxiagoak ditu plastikozkoak egurrezkoak baino.

Finean, nahiago izan duzu multinazional bakarrean diru guztia utzi, bizilagunen dendetan gastatu baino. Nahiago izan duzu 16 ordu baldintza kaxkarretan diharduen garraiolariak etxera ekartzea zuk zerorrek hartu baino. Nahiago izan duzu bertze hiru enpresen jabe den Jeff Bezos multimilionarioa diruz lagundu, Enkarna, Maider edo Maria herritarrak baino. Nahiago izan duzu kapitalismoa eraiki, hura suntsitu baino.

Alimaleko astakeria egin duzu, baina berdin zaizu. Fantxike, Kaxkamelon edota Zangue hetsiko den egunean «ze pena» pentsatzerat eta erraterat ausartuko zara, inongo lotsarik ez errukirik sentitu gabe, eta zu izan zara hori eragin duzuna. Zeurea bezalako ekintzen ondorioz desagerrarazten baitira herrietako denda ttipiak.

Akitzeko, Eguberriak pasatu berri diren honetan, zenbat, non eta zertan gastatu duzun hausnartzea proposatu nahiko nizuke, autokritika egin eta ohitura horiek aldatzera gonbidatzearekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun