Eutanasia hartu nahi zuen pertsona gaztea zen N, X arrazoi direla medio. Batzuek entenditzen zuten haren egoera, eta babesa eskaintzen zioten. Bertze batzuei, ordea, onartezina iduri zitzaien erabakia: bizitzari burla egiten ari zela sentitzen zuten. Jende aunitz hasi zen gaiari buruzko iritzia ematen, pentsatu gabe (ala aski ongi jakinik) pertsona horri hitz eta kritika horiek guziak ailegatzen ahal zitzaizkiola.
Psikoterapia egiten dugu masterrean. Psikologo gisa urteak daramatzaten pertsonek superbisatzen gaituzte, eta kristalaren bertze aldetik deitzen digute batzuetan: «erran hau, erran bertzea», erraten digute. Interbentzio oro helburu psikoterapeutikoarekin egina da, eta hala ere, zerbait gordinegia uste dugunean, izutu egiten gara: ez diogu parekoari kalterik eragin nahi. Irakasleak erraten digu, eta neurri batean egia du: nartzisismoaren aldaeraren batetik izaten ahal du erraten duguna hain esanguratsu dela sentitzeak. Dena dela, ongi dakigu edozer ere ezin dugula erran.
Hortaz harritzen nau jendeak ezagutzen ez duen norbaiti nahi duena errateko eskumena duela sentitzeak. Pisu sozial handiko gaiei buruz eztabaidatzea garrantzitsua da, ados, baina akaso asmatu behar genuke noiz, nola, non eta noren aitzinean egin. Akaso batzuetan umilagoak izaten ikasi behar dugu: norbere ezjakintasuna onartzea ere bada autoestimu osasuntsuaren adierazgarri, eta igual horren baitan erabakitzen ahal dugu noiz ez garen zerbaiti buruzko sententziarik egiteko gai. Izan ere, ez al da aski paradoxikoa bertzeren erabakiaren zilegitasunari buruz aritzea dudan paratu gabe norberak zilegitasunik ba ote duen hari buruzko iritzia publikoki eta pertsona horri ailegatzeko moduan emateko?
N-k eutanasia hartu zuen azkenean. Jendetza bildu zen ospitalearen beheitiko aldean eman behar zioten momentuan. Bizitzari gorazarre egiten dionak heriotza onartzen ere ikasi behar duela iduritzen zait. Iduritzen zait bizitzari gorazarre egiten dionak ez lukeela N kondenatu behar azken minutuak bakean ez bizi ahal izatera. Eta, batez ere, iduritzen zait, gaiari buruz duzun irakurketa duzula ere, ez zarela inor bertzearen erabakiari dimentsio horretako errespetu faltaz erantzuteko.
Bi gauza galdeginen nizkieke han beheitian elkartu zirenei: batetik, ea horrela kezkatzen diren beren ondokoengatik ere, eta, bertzetik, dena konpontzen ahal dela erraten dutenean ez ote diren beren buruari solasean ari.