Luzatu izan ditugu harreman mingarriak, eta luzatu zaizkigu doluak bertze pertsonaren falta onartzeaz gain, gure autokontzeptua birformulatu behar izan dugulako. Luzatu zaizkigu mina, desira, kulpa, eta gero luzatu dugu hura ez dakit nori helarazteko ustezko tarte espazio-tenporal logikoa, zentzuduna, onargarria. Orain dela pare bat urte Xri egin nahi genion aitortza isilpean gorde genuen, eta orain ere erranen genioke gustura, baina orain zertarako. Denbora luze da erran behar geniola. Hainbertze, ezen ilea hogei bat zentimetro luzatu baitzaigu. Baldin eta ilerik badugu oraino. Luzatu ditugu orduak deserrian eta luzatu itzulera ospakizunak. Luzatu dizkiogu orduak minez eta gehiago ezinean dagoenari. Luzatu ditugu dietak, gaupasak (aspertuta egonda ere etxerat joaten bagara katastrofikoa izanen delako azken bortz txikiteroek zerriki entsalada eta patatak nola gosaltzen dituzten ez ikustea), utzi diegu mozoloei txapa luzeegi sartzen, mugak paratzeko gai izan garenetan egurra eman digutelako.
Mingarri zaizkigun gauza aunitz luzatu ditugu tristeki, baina badute denek antzekotasun bat: gure esku dagoela horiek moztea; neurri batean edo bertzean zer egin erabakitzen ahal dugula. Bai, batzuetan zaila da. Zaila da, ez dakigulako erabakiarekin asmatuko dugun. Baina bederen erabakitzen ahal dugu zirt edo zart egin.
Kontrola kanpoan dagoenean, baina, gure emozioen kudeaketaz bakarrik arduratzen ahalko gara, eta hori bai, hori benetan frustrantea da.
Genozidioa pairatzen ari denak ez du erabakiko noiz birsortzen ahalko den hauts artean galdu den paisaia, noiz egin beharko duen alde dagoen tokitik, noiz utziko dioten bizitzen, non egon nahi duen eta non ez. Lurraren defentsan aritu denak ez du jakinen noiz kaleratuko duten epaia, noiz arte luzatu nahiko dioten beldurra, noiz aspertuko diren abaraziaz eta diru gosez jokatzeaz. Min handiz bizi denak ez du beti erabakiko noiz arte bizi beharko den, noiz utziko dioten trankil eta bakean joaten. Etxean baino hobeki eskolan dagoen haurrak ezinen dio udari ez ailegatzeko eskatu.
Zaila da gauzak non moztu erabakitzea, baina zailagoa da ez jakitea noiz arte luzatuko duten bertzeek gure mina, eta hori onartuta bizitzea.
Akaso, mozten ez dakigunok bakean nola geundekeen asmatu behar genuke. Eta mina luzatzen digutenek, bakea zer den.