Kulpa

Oroitzen naiz lankide bati zalantzaren bat nuelako galdera bat egin ondotik, barkamena eskatzen niola beti. Ez nuen pisu izan nahi. «Ez erran barkatu! Horretarako gaude!» erantzuten zidan hark, boz xaloz. Nik beheiti begiratzen nuen, ahalketua.

Kulpak ez du zertan kaltegarria izan. Kulparen funtzioa aldaketa sustatzea da norberaren ekintza batek elkarbizitza mehatxatzen duelarik (bertzeak bertze). Dena den, kulparen eraginkortasuna aztertze aldera, uste dut garrantzitsua dela haren iturburura ailegatzea. Izan ere, burmuinera ailegatzen zaigun kortisol errekastoaren emariari harrizko paretatxo bat egin behar genioke akaso kolektibo jakin batekoak izateagatik (erraterako, euskaldunak, emakumeak eta gazteak) edozergatik kulpadun sentiarazi gaituztenean. Testu hasiera da horren adibide.

Edonola ere, gure hitzak ala ekintzak zapatzaileak direnean erabat osasuntsua da kulpa sentitzea. Kontzientziarik gabe ez dago kulparik, kulparik gabe ez dago aldaketarik, eta aldaketarik gabe bizitzea arras erosoa izaten ahal den arren, ez da beti zilegi: ez, ez da zilegi norbere pribilegioei uko ez egiteko edonor edonoiz zapatzea. Psikologian bada kontzeptu bat disonantzia kognitiboa deritzona. Gure ideiek eta ekintzek bat egiten ez dutenean sentitu ohi dugun barne gatazka gisakoa da, eta berehala geure buruak inkongruentzia horiek justifikatzera jo ohi du, funtsean oreka psikologikoa bilatzen dugulako denok gure ongizatea arriskuan ez egoteko. Halakoetan kulpari eskapu egiten saiatzen gara, kulpa ez delako sobera emozio atsegina. Kulpak ez gaitu ongi sentiarazten, eta ez dugu ezinegon horrekiko tolerantziarik garatzen ikasi (edo ez dugu nahi izan).

Pentsatu nahi dut Aroztegiko auzipetuei eta baztandarroi min hau egin digutenek nolabaiteko disonantzia kognitiboa sentitu behar dutela. Beren burua bakezaletzat izan eta herri lurrak modu baketsuan defendatu nahi izan dituztenei halako kaltea eragiteagatik. Demokrazia aldarritzat eduki eta herriaren nahia eta hitza ez errespetatzeagatik. Aroztegiko auzipetuak talde kriminal antolatu baten partaide direla errateagatik, lurra eta haren osasuna defendatzea maitasun erakustaldirik puruena eta gizatiarrena dela argi badago ere.

Kontua da, diren hori aldatzearen kostua ez aldatzearena baino ttipiagoa izan arte, anitzek nahiagoko dutela ezinegona argumentu ziztrinez isilarazten saiatu (baldin eta kulpa sentitzea zer den badakite), ez baitiote beren pribilegioari uko egin nahi: sakelak etengabe hanpatzeari, alegia. Eskerrak haur ginela Pirritxek eta Porrotxek irakatsi ziguten ez gaudela salgai, alferrik dela guri Hilton kateko bortz izarreko hotelak eskaintzea, baditugula milaka izartxo arratsero guri begira belai berdeen gaineko zeruan; hobe dela habia xumean bizitzea urrezko kaiolan baino.

Berri Txarrak taldearen hitzak heldu zaizkit gogora: Ikara haizatzea denean etekinei eusteko bide motzena, jakin nahi nuke bakea bera zer den zuretzat. Herriaren borroka eta borondatea isiltzeko beldurra helaraztea bidexendarik zikinena segitzea da. Kulpa ez da beti txarra. Senti daitezela kulpadun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun