Bat-batean hor gaude zazpi-zortzi pertsona: batzuk beren gitarrak estu atxikita, bertzea kaxarekin arras barreneko duen erritmoa ezin hobeki segiz, eta gainontzekook ahotsa dugu instrumentu. Kantuan hasi gara. Kantu berri eta zahar. Baina zahar batez ere. Bat akitu orduko bertzea hasten dugu, eta baten bat ezagutzen ez dugularik burkideari ezpainak leitzen dizkiogu. «Ene txoririk maiteena, zertaz jin hiz nigana? Iratzarrazi nialarik ametsik eijerrena», erranen dugu, ahoa inoiz baino gehiago irekiz, ondokoak entenditu ahal izateko maneran. Eta abesti baten eta bertzearen artean bada halako isilune lotsati bezain konplize bat: «Eta orain zein? Ez zaidanan boteprontoan deus gehiago okurritzen, baina ez dinat isildu nahi, eta bazekinat hik ere ezetz». Eta apal-apal galdeginen du norbaitek: «Baratze bat?». Eta orduan bai, denak batean: zintzurra urratzea ez da mingarri eta nolabaiteko indar batek elkartzen gaitu, eta doinuz apaindutako hitzetan doanez barrenean gordetzen duguna, ondokoa ikusten ahal dugu inoiz baino garbiago, deus kontatzen ari ez zaigula pentsatzen ahal duen arren. Eta ezkerrekoak inguratzen gaitu soinburutik eta guk aldaka heltzen diogu.
Horrelako jendeak erakusten dizu musikaz jakitea musika sentitzen jakitea dela, funtsean. Horretarako dela sortua eta horretarako sortu behar dela; dena beti neurrira egiteko anbizio hori ez dela musikak inposatua, perfekzio behartu baten zantzua bertzerik ez dela. Eta sol beharrean sik eskapu egiten dizunean edo letra atzentzen zaizunean eginen dizute irri ttipia erranez: «Eta zer? Ari zara, eta nola ari!».
Ahizpek erakusten digute geure ahotsak ere aditu behar direla. Erakusten digute zangoak lurrean ongi errotuak izanda ere hegan egiten ahal dela, eta uste dut hori dela ahalduntzea. Kantatzen ez duenak zorionik ez duela ongi ikasia naiz, eta kantuak sortzen duena zer den ez daki hain inguru goxoan aritzeko aukerarik izan ez duenak.
Musikak eta ahizpatasunak badute halako analogia bat orain niretako. Esker mila konplizeei eperrei hegalak dituztela oroitarazten laguntzeagatik hitz urratu bakoitzean.