Birritan entzunak ditut «besta bat ligatu gabe ez da besta» edo «asteburu honetan ni laurekin» gisako esaldiak. Pentsakor gelditu izan naiz. «Laurekin». Berdin du nor diren, zer sentiarazi dizuten, harreman osasuntsuak izan diren edo ez. Ekintza hor dago, eta ez da bakarrarekin izan. Laurekin izan da: lau aldiz onartu zaituzte, lau aldiz izan zara eder, erakargarri, eta, beraz, orain bai, orain kontent sentitzen ahal zara zeure buruarekin.
Kasu! Ez naiz ari ligatzeko behar hori kritikatzen, baina geure buruarenganako onarpena osotasunean kanpo faktoreen esku uztea ez ote da arriskutsuegia? Zer bilatzen dena aurkitzen ez delarik? Autosuntsiketa ziurra! Hala ere, zer eta nola egiten dugun hausnartzea ez da garrantzitsua norbera babesteko soilik. Harreman batean ez dago inoiz pertsona bakarra, eta ondokoa(k) zaintzea ere garrantzitsua da.
Izan ere, zenbat aldiz entzun dugu atzoko ligeak ez diola kasu zipitzik ere egin lagunen bati? Edo, aise makurragoa dena, bigarren hori kontu eske joan zaionean, «ez zen deus izan» erantzun diola? Norbere bidegabekeriak zuritzeko gertatuak ukatzea edo gertakariak gutxiestea ez da bidea, ardura/ erantzukizun emozional falta da, eta baita gabezia handia ere.
Eta behin zaintzaz solastatzen hasita, ez dut afektuarekiko dugun ideia aipatu gabe utzi nahi. Sarri bereizten ditugu harreman sexu afektiboak eta sexu harremanak, eta hori ikaragarria da. Afekturik gabeko sexu harremana gehiago da kontsumoa harremana baino, eta ondorio itsusiak izaten ahal ditu. Nolatan murriztu dugu afektuaren kontzeptua maitasunaren adierazpen modu bat eta bakarrarekin nahasteraino? Afektua epe ertain-luzean gure ondoan egon direnei soilik zor diegula pentsatzen dugu; ez den zerbait dela uste dugu. Definizioak definizio, afektuak zaintzarekin du zerikusia, eta, beraz, harreman orotan garrantzitsua bada, baita intimitatean eta haren ondorenean ere.
Ez nago bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egitearen kontra, inondik inorat ere. Kontua da egiten dena zergatik eta nola egiten den: ligatzea eta harremanak (edozein motatakoak) izatea gauza ederra izaten ahal da, bai; beti ere benetan nahi delako eta arduraz egiten bada. Askeago eta erakargarriago ez zaitu aunitz edo guti ligatzeak eginen, zeure burua eta ondokoarena entenditzeak eta errespetatzeak baizik.