Txaloak komunikabideentzat ere

Erabiltzailearen aurpegia Maite Bidarte Sota 2020ko eka. 18a, 12:30

Aprobetxatu nahi nuke tarte hau egun hauetan hedabideek egin duten lana goraipatzeko. Zortzietan ez da txalorik egin kazetarientzat, baina aski mereziak dituzue/ditugu.

Prekarioa zen sektorea are prekarioagoa da orain publizitatea kolpez erori delako koronabirusaren ondorioz. Eta hala ere, hor, lehen lerroan, informatzen, bidea argitzen eta konpainia egiten. Krisi garaietan informatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela jakinda, kolpez aldatu dugu gure egunerokoa, erredakzioa etxera eraman, birmoldatu sekzioak eta programak. 24 orduko informazio uholdea jaso, murtxikatu eta gure kontsumitzaileari egokitu, dena kontrastatu, informazio faltsuak detektatu, aditu onenak elkarrizketatu… Hor egon gara, egunero 24 orduz. 

«Ez zaie txalorik egin kazetariei, baina mereziak dituzue/ditugu»

Galdetu edozein kazetariri, ea zer moduz joan zaizkion konfinamenduko lehendabiziko egunak, eta galdetu ea zenbat orduz egin duen lan. Eta idatzi hau bukatuta, egin txalo, faborez, hutsik egin gabe ondoan izan dituzun hedabideei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun