19:00etan batzarra: 19:05ean batzarra dinamizatuko duenak hartu du hitza: «Errespetuzko bortz minutu utziko ditugu ea jende gehiago etortzen den».
19:00etan solasaldia: 19:15ean… «Gaurgero ez da jende gehiago etorriko, Baztango orduan hasiko gara».
Baztango ordua bakarrik balitz, gaitzerdi, gaitza Baztangoa bakarrik den seinale, baina pentsatzen dut Xaretan, Bertizaranan, Malerrekan, Bortzirietan… gauza beretsua gertatuko dela; ez dakidana da bertze tokietan Baztango ordua deitzen ote duten, edo tokian toki inpuntualitateari bertze izen bat paratzen ote zaion.
Pentsatzen dut hitzorduetarat berandu ailegatzearen kontua ez dela Baztango afera (bakarrik), eta ez dela gaur egungo kontua (bakarrik). Baina iruditzen zait mugikorrei «esker» horrelako egoerak areagotu direla. Mugikorrak eskuen luzapenak diren garaiotan, hitzordua baino bortz minutu lehenago berandu ailegatuko garela abisatzeak, badirudi tenorez ailegatzearen balio bera duela. Mugikorrek berehalakotasunaren kultura sortu dute, eta aldi berean inpuntualitatea normalizatu: hitzartutako tenorean mezua igortzea berandu ailegatuko dela erranez, tenorez joatearen pareko baita, kasik.
Bistan da hamar minutu ez direla deus, baina esperoan dagonearendako hamar minutu horien balioa, berandu heldu denak bertze zerbaitetan pasatu duen denbora bera da. Baztango orduan eta Maulekoan, denborak balio bera du, errespetua da desberdin neurtzen dena. Errespetua orduari baino gehiago, pertsonari. Jakin badakigu hitzordu guztiak ez direla berdinak, baina hitzordu guztietan norbait gure esperoan egonen dela jakiteak denboraren neurria eta errespetua berdindu beharko lituzke.
Denbora ez da deus eta aldi berean, dena da. Denbora ez dugu erosten ahal, baina gure denbora erosi egiten da, produzitzen dugun denbora baita balio duena gizarte honetan. Denboraren arabera neurtzen dugu egiten dugun lana eta gure atseden denbora. Denbora da aprobetxatu nahi izaten duguna, eta deus ez egiteko nahi izaten duguna. Denbora galdu kontzeptua hitzetik hortzerat erabiltzen dugu, jakinki denbora ez dela galtzen ahal. Hortaz, denbora ez da deus, eta dena da. Denbora errespetua da, denborak diruz ordaintzen ez den balioa du, irudi ez badu ere, denendako berdin balio du.