Gurean gatazka sortu izan duen gaietako bat mutil dantzak izan dira; maiz aditu izan dut, mutil dantzen aferarekin neutrala naiz esaldia. Bai ote? Mutil dantzetan neska batek dantzatzea posizionatzea dela argi ikusten duenak, mutil dantzetan (mutiko-mutil-gizon izanik) jakin bai, baina momentu jakin batetik goiti (gatazka azaleratzen delarik kasualitatez?) ez dantzatzea erabakitzea, neutral jokatzea da? Baztango zenbait herri eta eskolatan euskal dantzak erakutsi bai, baino mutil dantzak ez erakustea (erabakitzea) neutral jokatzea da? Baztanen, bertako dantza eta kultur adierazpidea izanik, horren kontu eskoletan hitz erdirik ez egitea neutral jokatzea da?
Hezkuntza sistema diseinatua dagoen bezala diseinatuta egonik, nire iduriz, ezinezkoa da neutralak izatea. Haur-haurretik erakusten diguten mapa politikoek, (bai ongi leitu duzu, mapa PO-LI-TI-KO-AK, halaxe izena baitute kontinente, herrialde, eskualdeko… mugak erakusten dituzten mapek) gatazka dute abiapuntu: ez baita gauza bera muga geografikoa haratago edo honatago paratzea, Espainiarat joan garela erratea edo etorri direla azaltzea. Mapa politikoez gain, historian bertsio bat edo bertzea erakustea, emakume historialari-idazle-filosofo- zientzialariak aipatzea edo itzalpean atxikitzea, euskararen zapalkuntzaren zergatia azaltzea edo hizkuntza hautaketa borondatezkoa dela erakustea, sexu heziketa ematea edo ez ematea, ikasle kritikoak izateko tresnak ematea edo ez ematea, digitalizazioaren alde edo kontra egitea… alde batera edo bertzera egitea da. Itxuraz gatazkarik ez dagoen tokian ere, erakusteko bide bat edo bertze hartzeak toki batean edo bertzean kokatzen gaitu. Pertsona neutrorik existitzen ez den bezala, irakaskuntza neutrorik ere ez baitago.
Nik neronek bederen, ez nuke nahiko edozein bidegabekeriaren, bazterketaren, jarrera eta eraso matxisten, homofoboren, xenofoboren, hizkuntza zapalketaren, Palestinako genozidioaren… aitzinean, neutrala dela dioen irakaslerik, ikaslerik, ez hezkuntza sistemarik.