Asteburu Kulturala eginen dute ortzirale eta larunbatean Anizen

Aurten ere parajeen izenak paratuko dituzte larunbat goizean.

Azaroaren 29an, ortzirale arratsaldean herri kirolak izanen ditugu, ondotik frontoian jostetak eta pintxo jatea elkartean.

Azaroaren 30ean, larunbatean, egun guztiko egitaraua dugu prestatua. Hondarreko urteetan bezala, goizean hitzordua eginen dugu elkarrekin inguruko parajeen izenak paratzeko. Ondotik elkartean mahai jolasak izanen dira.

Bazkalondoan, 16:30ean Anizen dauden muraletarat joanen gara, eta bertan, taldeka mugikor banarekin Baztango Udalak egindako Mural Xenda josteta eginen dugu. Josteta akituta, elkarterat joanen gara, eta bertan aniztar baten garai bateko testigantza adituko dugu: Martintxo Gamiok bere gazte garaiko oihaneko kontuak aipatuko dizkigu. Solasaldiaren ondotik bideo emanaldi bat izanen da, eta iluntzean, bertso afaria Julio Soto eta Eneko Lazkozekin.

Bertso afariko txartelak 35€ eurotan erosten ahal dira. Bertso afariko postrea gainera, lehiaketa bidez eginen da. Norberak (etxe bakoitzeko bat) postrea etxetik egina ekarri, eta irabazleak debalde izanen du afaria. Egunean berean erabakiko da ze postre den goxoena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun