Ez noa bakazioetarat, ez noa 'nire' herrirat

Uztaila, sanferminak pasatu berri, abuztua ate joka… batzuk bakazioetan, eta bertze batzuk bakazioetarat joanak edo etorriak. Ez baita gauza bera bakazioetan egotea edo bakazioetarat joatea. Gaur egun irudi du ez dela aski bakazioetan egotea, bakazioetan egoteaz gain, bakazioetarat joan egin behar baita.

Data hauetan turista gisa «nahitaz» bisitatu beharreko tokietarat joaten ez den jende anitz, bere herrirat joanen da uda pasa. Izenik gabeko herrirat, gurasoen sorterria izaten ahal dena, amatxi-aitatxiena, edo bertzerik gabe, bakazioak pasatzeko dituzten nire herrira. Hirietan jende aunitzek bai baitu bere herria.

Ez dakit zuri, irakurle. baina niri, harrigarria egiten zait hirietan bizi diren zenbaitek, bigarren bizitza duten herriari deitzeko manera, deitzeko manera baino gehiago, herriaz jabetzeko manera. Asteburua ailegatu eta nire herrira noa, edo nire herrian hau eta bertze egiten da. Bitxia egiten zait herria izendatzeko manera hori. Alde batetik, herriek pertsonek bezala izena badutelakoz, eta bertzetik, herria herritarrek egiten dutenez, gurea delakoz, ez jabetza pribatukoa.

Gogoan dut ikasketak egiterat Gasteizerat joan eta hirietan bizi zirenak nola joaten ziren asteburuetan eta udan nire herrira. Izenik gabeko herriak zituzten gehienek, jabetuak, norberarenak eginak, nahiz urte guztian ez ziren hor bizi. Bizi ziren herriaz galdetuta, «arras ttipia da eta ez duzu ezagutuko» erranez, herriaren izena erran beharrean, inguruko herri kozkorrago batena erraten zuten, edo «ospetsua» zen inguruko erreferentziaren batena… ezezaguna izateak nor izatea kenduko balie bezala.

Gure herriaz oroitzen naiz horrelakoetan. Nongoa naizen galdetzen didatelarik, Anizkoa naizela erantzuten dut, naizen herrikoa, alegia (nongoa bertzela?). Aniz erranta jakin badakit jende anitzek ez duela ezagutuko, Baztan erratea aski nukeela pentsatuko du bakarren batek, Baztan erranta denek kokatuko baitute nongoa naizen, Aniz erranta ez bezala. Afera ez da bertzeek Aniz non kokatu jakitea, ezpada gure herriak ere badirela erakustea. Izena eta izana ere badutela gure herriek, uda eta negu bizi garen eta bizia duen herria dela gurea.

Uztaila, sanferminak pasatu berri, abuztua ate joka… gure herriak nire herri bihurtuko dira hiritar anitzendako egun hauetan. Bakazioetarat etorriko dira gure herriak nire bihurtuz, gure herrietako lasaitasunaz, paisaiaz, edertasunaz… gozatu bidenabar, ea hemen urte guztian nola bizi(tzen ahal) garen galdetuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun