-Politika pitta bat? -Bai, esker mila.

Maiatz hasmenta da eta ekaineko Ttipi-Ttapan argitaratzeko testu bat eskatu didate. Bertze gai bat nuen burutan, baina hauteskunde giro honetan, bertze konturik ez dagoenez… Nik ere nire iritzi(politiko)a emanen dut. Denek bai baitugu iritziren bat politikar(i)en kontu: politikaz entenditzen ez duela dioenak ere, iritzia ematen du, eskuina eta ezkerra denak igualak direla dioenak ere, iritzia ematen du, apolitikoa dela dioenak ere, iritzi politiko bat badu…

Denek dugu iritzia politika kontu, dena baita politika. Uste dugun ttikikeriarik handienak ere politikariek hartutako neurrien ondorio dira. Politikaz entenditzen ez duela dioenak, egunero hartzen ditu erabaki politikoak. Ez eskuina, ez ezkerra dela dionak ere, ustezko neutraltasun baten izenean, bere posizioa erakusten du. Gatazka batean «neutrala» izatea, zapaltzailearen alde egitea baita. Ustez deus egiten ez duenak ere, aunitz egiten baitu.

Eguneroko jana, ura, argia, gasa, arropa, errepideak, zaborra, autoak, lan baldintzak… politika jakin baten ondorio dira. Mandatuak herriko denda ttipian edo supermerkatuan egin erabakitzea, erabaki politiko bat da. Mandatuak egitean erosten ditugun produktuek duten BEZa, erabaki politiko baten ondorio dira. Xatarrak edo konpresak luxuzko artikulu edo oinarrizko artikulu izendatzea, erabaki politikoa da.

Eskoletan dauden ikasleen ratioak, irakasle kopurua, curriculuma, ikasgaiak, bekak, garraioa, jangela, jangeletan jaten dena… guzti-guztia politika baten ondorio dira. Eskola politikarekin ez nahasteko diotenek ez dakit jakinen ote duten (Espainiar estatuan bederen) gobernua aldatu aldiro aldatzen den lehenbiziko legea hezkuntzarena izaten dela: LOE, LOGSE, LOMCE, LOMLOE… politikariek horrelako garrantzia ematen dioteneko, guk uste duguna baino inportanteagoa eta politikoagoa izanen da hezkuntza.

Hezkuntza eta hizkuntza uztarri berean doaz, hori aski ongi dakigu Nafarroan: A, B, D, G, PAI… Politika(rie)k sortutako hezkuntza eredu horien guztien oinarrian, hizkuntza dago. Hizkuntza politikarekin ez nahasteko dioenak, ez dakit jakinen duen hizkuntza baino arma politikoagorik ez dagoela. Uneoro ari baikara hizkuntza politika egiten, euskaraz ari garelarik, eta euskaraz ari ez garelarik ere.

Dena da politika. Politika ez baita bakarrik lau urtean behin alderdi politiko bati bozka ematea, egunerokoan egiten ditugun ekintza ttipienen gibelean erabaki politiko bat dago, eta egunerokoan egiten ditugun ekintza ttipienek ere, ondorio politiko bat dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun