Eguberriak ospatzeko hiru ekitaldi izan dituzte Anizen azken egunetan

Aste batean barne hiru ekitaldi izan ditugu Anizen urtea ongi akitu eta hobeki hasteko. Abenduaren 24an, urtero bezala Olentzeroren bisita  izan genuen . Arratsaldeko 17:00etan hasita, Olentzero soinean hartu eta etxez etxe ibili ziren haurrak, eta ez hain haurrak, kantuan eta jan-edanean. Herri ttipia izanagatik, hiru ordu eta eta erdi behar izan zituzten aniztarrek etxe guztiak bisitatzeko. 20:30ean, norbera bere etxerat joan zen otordua egitera, eta Olentzerok ekarritako erregaluak irekitzera.

Abenduaren 26an, berriz, Banztango Banda Rekreo bandaren kontzertua izan zen Anizko elizan. Eliza jendez lepo bete zen musikarien emanaldia aditzera, 
 
Ilbeltzaren 1ean, Urtats egunean, haurrak etxez etxe ibili ziren urtetxak eskatuz. Espreskuki egun honetarako jositako sakela handiko mandarrak soinean paratuta, etxe guztietan kantatu ondotik etxekoandre edo etxekogizonak larrainerat botatako mandarinak, intxaurrak, litxarreriak...bildu, eta ondoko etxerat. Berriz ere kantatzera:
 
Urte berri-berri,  zer dakarrazu berri, uraren gainean, bakea eta osasuna, urtets-urtets... urtetxak nahi tugu.
Urte xahar, nik atorra zahar, maunkarik ez, nik axolarik ez. 
Aingeruak gara, zerutik heldu gara, boltsa badugu, dirurikan ez dugu, urtetx-urtex, urtetxak nahi tugu. 
Xori-xori landa, xoria konpainia, etxe hunteko etxeko andria, leihoan balego, leihoan balego, atiak eta leihoak ereki, eta bota urtetxak!
 

Heldu den astean inauteriak

Eguberriak akituz bezala, atsedenerako tarterik gabe, inauteriak izanen ditugu Anizen. Olentzero eta Urtats egunean etxeko ateak haurrei ireki bazitzaizkien, ilbeltzaren 14an,  gazteei irekiko zaizkie etxeetako ateak. Ortziralean afaria izanen da elkartean, basurde jatea. Larunbatean,berriz, gosariarekin hasiko dute eguna Anizko eta Berroetako gazteek. Gosaldu ondotik, etxez etxe ibiliko dira puxkak biltzen: arroltze, xingar, txixtor...
 
Egun guztia etxez etxe jan-edanean, solasean, kantuan... pasatu ondotik, etxeetan bildutako puxkekin afaria izanen da elkartean.
 
Ondoko astean, ilbeltzaren 21ean, gauza bera izanen da, baina kasu honetan aniztarrak izanen dira Berroetarat joanen direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun