Giro eta eguraldi ezin hobearekin pasatu dira aurtengo Anizko bestak

Ekitaldiz betetako asteburua izan dute aniztarrek eguraldia lagun

Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Ortziralean ezkila jotzearen ondotik haur, gazte eta ez hain gazteek jostetan pasatu zuten goiza eta arratsaldea, bestetako programatuak zeuden ekitaldi guztietan parte hartuz: krosean, frontenisean, herri kiroletan, musean...  Gogotik izerditu ondotik, Baztan zopak jateko tenorea ailegatu zen, 93 lagun bildu ziren frontoian afaltzera. Gauak luze jo zuen, ortziralea eta larunbata egun bakarra izan zen zenbaitzurendako.
 
Larunbatean haurrendako puzgarriak zirenak, denendako josteta bihurtu ziren paella lehiaketa hasi zen artio. Parte hartzaileak bortz taldetan partiturik, osagaiak eman eta kozinatzeari ekin zioten, haur eta helduak denak nahaste. Bazkalondoan, batzuk puzgarrietan saltoka segitu zuten bitartean, bertze batzuk mahai jokoetan aritu ziren, pilota partidaren tenorea ailegatu artio. Ados enpresako neskek erakustaldi ederra eskaini zieten bertaratutakoei: Etxekolonea - Mendiburu eta Iantzi -Agirre izan ziren jokalariak.
 
Igandean, zikiro jatean inoiz baino jende gehiago bildu zen. Aurtengo zikiro jatea gainera, berezia izan da. 40 urtez Anizerat etorri izan den Txomin Amorena zugarramurdiarrak hondarreko urtea izan baitu. Anizko herriak, eskertza gisa, euskal makila erregalatu zion, urte hauetan guztietan zikiro prestatzaile gisa egin duen lana eskertzeko. Zikiro jatearen eta esker oneko hitzen ondotik, urtero bezala bingoa izan zen, eta bingoaren ondotik karaokea. Zazpi taldetan partiturik, Jaioneren aginduetarat haur, gazte eta helduak denak aritu ziren kantuan eta dantzan. Karaokeko parte hartzaileek Hauspolariek taldeari eman zioten txanda, kantu eta dantza, su inguruan akitu zen besta heldu den urte artio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun