Giro ederrean ospatu dute Basaburuaren eguna Anizen

Larunbatean ospatu zuten Basaburuaren Eguna Anizen. Lehenbiziko hitzodua goizeko 8:00etan zuten. Ttentte demonio  agertu ziren herritarrak mendi itzulia egin eta eguraldi ederraz gozatzera. Mendi itzuliaren ondotik,  helduak musean aritu ziren bitartean, haurrak herri kiroletan aritu ziren, Musean Basaburuko lau herrietako jendea aritu zen, 18 bikote guztira.  

Txapeldunak Anizko Iñaki eta Berroetako Mattin izan ziren. Txapelduordeak Berroetako Amaia eta Amalur, hirugarrenak berriz,  Anizko Gabon eta Jaione. Txapela, zapia eta giltzaria jaso zituzten sari gisa hurrenez hurren. 
 
Frontoia muslariz eta musean aritu ez ziren herritarrez bete zen bitartean, haurrak Plaxa-xarren aritu ziren herri kiroletan. Basaburuko lau herrietatik etorri zen jendea 162 lagunendako prestatu zen herri  bazkarirat.  Bazkaltiarrez gain, haurrak eta bazkalondoan dantzaldirat hurbildu ziren herritarrek giro ezin hobean gozatu zuten Hauspolariek taldeak eskaini zuen kantaldi eta dantzaldiaz. Luze jo zuen bazkalondoko bestak, giro ezin hobean eta besta gosez gelditu ziren bertaratuak, horren ongi pasatu izanak ondoko bestako gogoa pizten baitu.
 
Ez dute aunitz esperatu beharko besta gosez gelditu direnek hala ere, ondoko hitzordua Anizko bestetan izanen baitute, irailaren 30ean.
 
Testua eta Argazkiak: Maitane Maritorena
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun