Dozenaka lagun bildu ziren egun guztiko egitarau ederraz gozatzera. Elurteak lana bikoiztu bazuen ere, elurraren zuriaz gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek. Oihan eta Maider herritarrak izan ziren lastategirat hurbildu zirenei trikitixa joz ongi etorria egin zietenak. Ondotik kirikoketa emanaldia eskaini zuten Jo ala Jo elkartekoek, eta bertaratu zirenek kirikoketaren nondik norakoak aditzeaz gain, jotzeko aukera ere izan zuten.
Josebe Blanco EHkolektiboko kidearen hitzartzearen ondotik, Mikel eta Aitorren gidaritzapean bisita gidatua egin zuten bertaratu zirenek. Gasnategia eta behien heian azalpenak eman ondotik, Pettiren kontzertua aditu bidenabar, barna berotzeko salda beroa partitu zitzaien bertaratuei.
Elurteak ez zuen jendea izutu, eta ehun lagunetik goiti etorri ziren jangela bihurtu zen lastategian bazkaltzera. barna berotu eta zintzurra ongi bustita, kantuz aritu ziren Hauspolariak taldearen doinuekin. Kantuz eta dantzan, mahai inguruko kantuak akituta, mahaiak bildu eta dantzaleku bihurtu zen lastategia. Eguraldi makurrarekin hasi zena, poliki-poliki argituz joan zen, bazterrak eder-eder eta zuri-zuri utziz. Giro ezin hobean akitu zen eguna, eta luzatu gaua.
Esker mila anitz EHkolektibokoei eta Jauregia etxaldekoei horrelako egun betea eta ederra antolatzeagatik Anizen.