Aipatutako izen batzuk Sabino Aranak kristau izendegitik euskaratutakoak dira, bertze batzuk naturarekin zerikusia dutenak, edo toki izenak… Multzo batekoak edo bertzekoak izan, euskal izenak dira guztiak. Izen bat edo bertze izan, izen hori daramatenek segur aski noizbait galdera berari erantzun izanen diote: ¿qué significa tu nombre? galdera hain zuzen (zer erran nahi du zure izenak). Espainolez paratu dut, galdera hori egiten duena normalki espainol hiztuna delakoz. Galderaren egilea euskalduna bada, jakin-mina bertze bat da, egiazki izenak adierazi nahi duena zer den jakiteko galdetzen baitu, ez erdaldunak galdetzen duen zentzu berean.
¿Qué significa tu nombre? galdetzen duen erdaldunak, ez du gure hizkuntzarekiko interesik erakusten, hala balitz egunerokoan erabiltzen ditugun hitzak euskaraz nola erraten diren galdetuko bailuke, eta ez hizkuntza guztietarako balio duen izen propio bat nola erraten den. Ez baitu zentzurik sortzetik paratzen diguten izenak, –gerora aldatzeko aukerarekin– munduko txoko guztietarako balio duenak, bertze hizkuntza batean (zapaltzailean) nola den galdetzeak. Ni Maitane naiz, Euskal Herrian, Espainian, Marokon eta Polonian. Pedro izena duena hala den gisa berean.
Alderantzizko ariketa egiten ahal dugu galdera horren norabidea goititik beheitiko begirada batekin egina dela ikusteko. Euskaldun batek egundaino galdetu(ko) ote dio Luis, Carmen, Jose edo Teresa izena duen bati beraien izenak zer erran nahi duen? Espainol batek galdetu(ko) ote dio egundaino espainol izena duen bati bere izenaren erranahia zein den? Edo.. espainol batek galdetu(ko) ote dio egundaino Harry, Sharon, Pierre, Dominique… izena duen bati bere izenak zer erran nahi duen? Pedro izena duenak ba ote daki bere izenaren jatorria latinean duela eta harria erran nahi duela? Miriam izena duenak ba ote daki bere izena hebraieratik heldu dela?
Qué significa tu nombre galdetzen duenak hortaz, ez du euskararekiko interesik; espainol hiztunendako espainolaren galbahetik pasatzen ez dena, ez da. Hizkuntza hegemonikoan mintzo den hiztunarendako, den-den-dena espainolaren begiradatik pasatuta neurtzen baita, bertze gisa ez da. Euskal izenak paratzea debekatu ziguten ez horren aspaldi, euskal abizenak euskal grafiaz eskribitzea ere bai. Orain, «utzi» uzten digute, baina…