Sinetsitako gezurrak

-Ze hetsiak zareten xxx!

Irakurle hori, zer hitz paratu duzu XXX ikusi duzun tokian? Ttipiak, lodiak, begi urdinak…edo euskaldunak? Susmoa dut irakurleen gehiengoak ixaren ordez paratu duen hitzean kointziditu izanen duela; gehiengoak kointziditzeak ordea, ez dio egiari erantzuten, ezta kasualitateari ere.

Nork sortu du hizkuntza baten jabe diren herritar guztiak izakeraz hetsiak direla dioen gezurra? Guk sortu dugu edo bertze hizkuntza bateko hiztunak dio hori? Norekin konparatzen gaituzte, (edo dugu geure burua) hetsiak garela errateko? Gu hetsiak baldin bagara, bertze norbait irekia den seinale, baina nor da bertze norbait hori? Haiek irekiak eta gu hetsiak, nor dira haiek eta nor gu? Hetsia dena euskalduna bada, nor da irekia, erdalduna?

Euskalduna ez dena erdaldun gisa definitzen du gure hizkuntzak, baina munduan sei mila hizkuntza inguru daude. Ez dut uste alemanekin, irlandarrekin, bretoiekin… konparatzen gaituzten euskaldunak hetsiak garela diotenek.

Euskaldunok hetsiak izateaz gain, arras zaila den hizkuntza dugula diote. Diote, haiek, erdaldunek. Eta guk, euskaldunok, sinetsi. Ezagutzen duzue bere hizkuntza ikasteko esfortzurik egin ez, eta hala ere bere hizkuntza zaila dela erraten duen hiztunik?

Hetsiak bertze aldean irekia duen bezala, zailak erraza du. Euskara zaila bada, zein da hizkuntza erraza? Alemana, irlandera, bretoiera? (edo espainiera?)

Munduko sei mila hizkuntzen artean ez da existitzen hizkuntza zail eta errazik, sortzen garelarik erakusten diguten hizkuntza inongo esfortzurik gabe ikasten baitugu, beraz, lehenbiziko hizkuntza «erraza» izanen da denendako. Ez gara hizkuntza jakin bat ikasteko programatuta sortzen, erakusten diguten huraxe ikasten dugu.

Euskaratik erdaretarat dagoen distantzia bera dago erdaretatik euskararat. Horrek erran nahi du erdaldunak euskara ikasteko duen zailtasun edo aisetasun bera izan beharko lukeela euskaldunak erdara ikasteko. Bertze kontu bat da, behin hizkuntza baten jabe izanik, bertze hizkuntza bat ikastea, kasu honetan familia bereko hizkuntzak ikastea errazagoa eginen baitzaio hiztunari. Baina kasu, hemen ere tranpan erortzeko arriskua bai baitago. Gure kasuan, euskara lehenbiziko hizkuntza dugunon kasuan, munduko gainerako hizkuntza guztiak izanen lirateke «zailak», euskarak ez baitu hizkuntza familiarik.

Laburbilduz, euskara zaila dela eta euskaldunak hetsiak garela dioen gezurra sinetsi beharrean, pentsa dezagun gezur horien jatorria eta zergatia non dagoen, bertzeek gure kontu erranekoak guk sinetsi izanak, asimilazioa zenbaterainokoa den bertzerik ez digu erakusten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun