Galdemodu hori egiten duenak erantzuna bere baitan du, galdemodu gisa mozorrotzen duten horren gibelean, uste bat dago: herri batek ez du deus eskaintzeko. Hiritar pentsamendu hori da galdemodu gisa mozorrotzen den «zer egiten duzu herrian?» horren gibelean dagoena.
Erran gabe erraten dute, galdemoduaren gibelean beraien erantzuna dago: herri batean bizitzeak ez du inongo eskaintza kulturalik, herri batean bizi denak ez du zinemarik, herri batean bizi denak ez du ostatuetan poteoan aritzeko aukerarik, herri batean bizitzeak kaiku bihurtzen zaitu, hitz batean errateko.
Bizi dugun egoerak ordea, nork nori zer galdemodua norabidez aldatu du, eta akaso bakarren baten pentsamendua ere bai:
- Zer egiten duzu hirian asteburuetan (kontsumitzeko aukera kendu zaizularik)?
Erantzuna:
- Hiritik ihes egiten dugu, edozein herritarat, naturaz gozatzera, mendirat, ibilaldiak egitera, herriak bisitatzera, lasai egotera, askatasunaz gozatzera…
Bistan da erantzuna nirea dela, bistan utzi du hiritarrak bere burua, herritarrok asteburuero ikusi baititugu hiritarrak gure herriko karriketan, orain artio herrian zer egiten dugun galdetzen duten horiek berak dira, orain herrietarat heldu direnak.
«Bitartean herritarrok herrietan bizitzen segituko dugu»
Bizi dugun egoerak argi erakutsi du hiriak zer eskaintzen duen, hiriak zertarako diseinatu diren: kontsumitzeko. Adituek diotenez, mendez mende osasun publikoaren arazoak izan dira hiria birpentsatzera eraman dutenak. XVIII. mendean hilerriak hirigunetik kanpo eramateko eta karrika nahiz plazetan iturriak paratzeko joera nagusitu zen. Hondar hilabeteetako egoera daukagun hirigintza eta etxebizitza ereduaz hausnartzeko baliatzea komenigarria litzateke, horretarako hiri eredua eredu ekonomiko hutsetik haratago lantzea ezinbertzekoa da. Pandemia honek bertze gauza anitzen artean hiriak kontsumitzeko diseinatutakoak direla argi erakutsi baitu. Hemendik goiti herri batean zer egiten dugun galdetzen duenak erantzuna bere baitan bila dezala, bitartean, herritarrok herrietan BIZITZEN segituko dugu.