Paperean edo pantailan izan, TTIPI-TTAPAren funtzionamendua ez ezik, mundu osoarena irauli du birus ikusezin honek. Mundua irauli eta beldurra erein, beldurra baita hondarreko hiru aste hauetan birusarekin batera munduan barna hedatu dena.
Beldurrak sorrarazi duen egoera hau ezin entenditurik nago oraino, hortaz, sentimendu honek gizartean eragin duena aztertu beharrean, beldur hitza hiztegietan nola definitzen duten begira aritu naiz.
Wikipediaren arabera arriskutsutako jotzen den berehalako estimulu edo egoera batean sentitzen den emozio bizia da beldurra. Muturreko egoera batean, ordea, arriskuaren pertzepzioa larria delarik, beldur handia sortzen da eta subjektuaren paralizazioa gertatzen ahal da. Horixe da hitzez hitz beldurraren definizioa wikipedian, eta erranen nuke, bizi dugun egoera ongi definitzen duela.
Euskaltzaindian ere begiratu dut beldur hitzak zer adiera duen, honela dio: egiazko nahiz irudipenezko arriskuaren aitzinean sortzen den urduritasunezko egoera. Gure akademiaren definizioak ere bat egiten du bizi dugun egoerarekin, wikipedian ez bezala, kasu honetan irudipenezko arriskua ageri da. Nik ere irudipena dut gugandik kanpoko faktoreek eragin dutela gure barnean.
Definizioak definizio, gizakiak berezkoa eta biologikoa du beldurra, beldurra izateak arriskuetatik eta mehatxuetatik babesten baikaitu. Emozio guztien artean primitiboena omen da sentimendu hau adituen arabera. Baina beldurra egin egiten da, fabrikatu egiten da, bere mekanismoak ditu hondarreko zokoraino ailegatzeko, eta edozein pandemia baino agudoago hedatzen da. Emaitza boteretsuak lortzen dituelakoz erabili ohi da beldurra helburu jakinetarako. Jendea kontrolatzeko arma ezin hobea da.
Eduardo Galeanok aspaldixkoan eskribitu zuen Beldur Globala poesian honela zioen: beldurraren garaian bizi omen gara, beldurrak manatzen du, boterea beldurrez elikatzen da. Zer litzateke boterea beldurrik gabe? Zer litzateke boterea bizirauteko sortzen duen beldurrik sortuko ez balu?