1492. urtean Ameriketa deskubritu omen zuen Kristobal Kolonek, nahiz Ameriketa hor zegoen aspalditik. Existitzen dena ez da deskubritzen, badagoela jakin baizik. Hortaz, Kolonek ez zuen deus deskubritu. Kolonek Ameriketa kolonizatu egin zuen. Deskubritu zutena hizkuntzek herri batean duten garrantzia izan zen, herri bat menperatzeko lehenbiziko baldintzetako bat, jatorrizko hizkuntza azpiratzea zela ikasi zuten, Ameriketa urrunean eta Euskal Herri hurbilean. Horretarako, jatorrizko hizkuntza galtze bidean paratzeko, hizkuntza ordezkapena egitea ezinbertzekoa da, eta zapaltzailearen hizkuntza beharrezko bihurtu.
Haatik, hizkuntzak ez dira objektuak, galdutakoan ez dira objektu galduen egoitzan bilatzen ahal, ez dira erosten ahal; hizkuntza bat galtzen delarik, egundaino berreskuratuko ez den mundu ikuskera oso bat galtzen da. Hizkuntza bat galtzen delarik, egundaino berreskuratuko ez den identitate bat galtzen da. Hizkuntza bat hiltzen d(ut)elarik, ez da hiztuna isiltzen, herri oso bat mututzen da.
«Hizkuntza bat hiltzen d(ut)elarik, herri oso bat mututzen da»
Gaur egun munduan 6.000 hizkuntza inguru daude, eta bi asteetarik behin bat galtzen da. Atera kontuak…hamabortzean behin, Ttipi-Ttapa ale bat etxean jasotzen dugun aldiro, herri oso bat mututzen da, munduaren zati bat isiltzen da.
Baina hizkuntzak ez dira bere gisa hiltzen, hiztunak ez dira bat-batean mututzen… ongi programatutako heriotza da hizkuntzena. Ameriketaraino joan gabe, etxean berean aspaldixkotik ari dira programatzen euskararen heriotza. Harrigarria bada ere, galdu hurren dauden animalia espezieak babesten diren garaian, eraikinak ondare kultural izendatzen diren garaian…laguntza behar duten hizkuntzak zapaltzea libre da, eta zapalketa hori bideratzeko bitartekoak paratzea legez babestua dago.
Legeak herritarrak babesteko baldin badaude… euskarak nonbait, arrisku handia sortzen du, zer erranik ez Iruñeko haur eskoletan, eta medikuen ahotan, eta administrazioko langileetan... euskara jakitea arma arriskutsua baita. Hizkuntzak ez baitira komunikatzeko bakarrik sortu, Gonzalo Luanko Txileko maputxeak erran bezala «Zure herriaren hizkuntza berreskuratzean, zure burua deskolonizatzen ari zara. Erresistentzia modu bat da».