Helen Hester filosofo eta ikerlariak dioen bezala, tresna teknologikoak gure etsai ideologikoek garatzen badituzte ere, espero gabeko erabilerak asmatzen ahal dizkiegu, diseinuak ez duelako erabilera determinatzen. Telefonoa negozioetarako sortu zen, baina etxekoandreek elkarrekin solastatzeko baliatu zuten.
Hizkuntza ez da komunikatzeko soilik: mundu ikuskera oso bat ematen digu, nortasuna, gure ideiak antolatzeko modua… Harritu nau Adimen Artifizialak euskara nahiko ongi jakiteak; komunikazioaz harago doan hori guzia falta zaio, ordea. Aho biko ezpata da. Badaki idazten eta prozesatzen, baina ez da gai, eskerrak!, kalera ateratzeko, jendearekin egoteko, ikuspegi berriak bilatzeko… Horregatik, tresnak aprobetxatuz, gure ogibideetan gure balioa erakustea dagokigu, adibidez, Ttipi-Ttapak bezala, bertako kazetaritza hurbila eginez. Desagertuko gara bertzela.