Errua, epaia, lagunak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Iantzi Goienetxe 2025eko azaroaren 23a

Erru hitzak bi adiera ditu: «Hutsegitearen erantzukizuna» eta «adorea». Erditu berri, ezustean, lehenbiziko erranahia agertu zitzaidan. Kulpa aldaka zabalagoa ez izateagatik; kulpa gogorrago ez bultzatzeagatik; kulpa arratsa lo pasatu zuen umetxoa titia emateko ez ernatzeagatik… Kulpa, hitzaren bigarren adiera bete-betean sentitu eta gozatu beharrean.

Laster ailegatu zen epaia ere: «Zurekin egiten du lo, e? Hori ez da ona», «oraindik titian? Hori ez da ona». Ama txarren klubeko kide egin nintzen nahiko azkar, amatasun askea eta epairik gabekoa bizi eta bultzatu nahian. Errua eta epaia orokorrak dira, baina amatasunarekin indartsuago jaso ditut: badirudi edozeinek edozer erran diezazukeela, eta zakar erantzunez gero, zu zara erruduna.

Epaitzen ez zaituzten pertsonak dira lagunak, zure ezinegonak, grinak eta hanka sartzeak aditu, eta bat etorri ala ez, babesten zaituztenak. Aholkuak eskatuta ematen dizkizutenak. MILA ESKER ZUEI!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun