Fantasia

Erabiltzailearen aurpegia Maider Iantzi Goienetxe

Irudimena eta liburuak lagun, nahi duguna ikus dezakegu, edozein lekutara bidaiatu. Hala bihurtu zaizkit aurpegiko granoak planeta, eta kentzeko desiatzen banago ere, badut kezka puntua ea hori eginda mundua lehertuko ote den.

Eureka zientzia museoa bigarren etxe egin dugun honetan, izarrei eta meteoritoei begiratzeak lasaitasuna ematen dit. Egunerokoan ditugun erronka eta gatazken gainetik, biziaren batasuna eta miraria sentitzeko era bat da. Apaltasunez, begirada luzatzeko aukera.

Oporretan ‘deskonektatzetik’ bueltan izanen zarete batzuk. Baina egin duzuena ez al da egiatan konektatzea izan? Haur baten fantasia eta grina dituen Xabier Amuriza elkarrizketatzeko zortea izan dut, eta berak erran dit denboraren gainean ibili ezean, kontziente, denbora gainetik pasatzen ahal zaigula. Errekako ura bezala, denbora eta bizipenak badoaz, baina idaztea bada eusteko eta sentimendu horietan gehiago egoteko modu bat.

Gora ‘planetagileak’ eta fantasia!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun