Etiketak

Arropa baten etiketak informazio praktikoa ematen digu: zein osagairekin eta non egina den, zein etxetakoa den, nola zaindu... Aldiz, beldurgarria da nolako arinkeriarekin definitzen ditugun pertsonak. Jatorra, astuna, dibertigarria, urduria, jatuna, alferra, fina...

Aunitz erraten da haur bat ‘ona’ edo ‘gaiztoa’ dela. ‘Erraza’ da kasu egiten duena, entzuten ez zaiona, heldu ttiki bat iduri duena. ‘Zaila’, berriz, bere ideiak defendatzen dituena, kaskartzen dena, gehiago eskatzen diguna. Finean, haur bat bezala jokatzen duena. Obedientzia saritzen da, baina ez da osasungarriagoa norbere erantzunak bilatzea?
Kanpotik paratzen dizkiguten etiketa hauek sinetsi eta horien arabera portatzen gara. Ez dira bidezkoak, ez digute irekitzen eta garen guztia ateratzen uzten, eta erraz jarri bai baina ikaragarri kostatzen da kentzea. Jantzi berriekin bezala, aizturrak hartu eta soka mozten saia gaitezke...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun