Kairos

Idaztea hondartzan paseatzea da. Oinak bustitzea. Uraren kolore gardenetan murgiltzea. Burua aparretan, itsasoaren kulunkak eramatea. Hitzak olatu sailen gisan sortzen direnean, atzamarrak euren erritmoari ezin segika ibiltzen dira. Hondartza laku bihurtzen denean, konfiantza izan behar da, olatuak laster etorriko direla jakin.

Idaztea Kairosen kopetako ile xerlo lodia harrapatzea da. Greziako jainko bat da Kairos, hagitz azkarra, istant galkorren sinboloa. Une iragankor horiek marka dezakete kaskarkeriaren eta handitasunaren arteko aldea, zortearen eta zoritxarraren arteko desberdintasuna.

«Asperdurak aberasten du gure existentzia»

Inspirazio, intuizio horiez jabetzeko, begiratzeko eta pentsatzeko denbora hartu behar da. Aspertzeko ere bai. Franco Berardi Bifo filosofoak dioen bezala, amesten dugun abenturaren eta hura betetzearen arteko distantzia baita asperdura. Hain zuzen ere, distantzia horrek aberasten du gure existentzia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun