Hitzen magia

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Iantzi Danboriena 2026ko apirilaren 18a

Jarlekuak beteta daude, giroa bero nabaritzen da. Protagonistak oholtzan. Hasmentako altxaferoa bota eta hasi da magia ikuskizuna.

Lehenik, bi suhiltzaile solastatu dira. Ondotik, adineko bikote bat. Publikoa kontzentratua dago, mundu berrietan murgilduta. Baina agudo hasiko dira denak irriz; bizitza ez baita beti serio hartu behar! A zer txalo zaparrada eszenatokiko bi haurren arteko solas bihurria aditzean! Segidan, isiltasuna; ailegatu da errespetuaren puntu gorena! Hiperaktiboak garen garaian, denak isilik, deus egin gabe, parean dugunak erranen digunaren zain! Artistaren ahotsak hautsi du tentsioa. Zenbaitzuren masailetan beheiti negar malko bat. Aunitzek oilo larrua nabaritu dute bizkarrezur ondoko azalean! Akaberan, estasia; diskurtsoa akitzeko astirik gabe, entzuleak hunkituta txaloka! Jendearen begiradan nabari da berezia den zerbaiten parte sentitu direla.

Bertsoek gure lekuetatik hegan ihes egiteko aukera ematen digute. Ikus-entzunezko azkarrek gidatzen duten munduan, hitza da nagusi bertsoan eta bertsolariek egiten dituzten malabareei begira gaude. Segi dezagun euskaraz bakarrik bizi daitekeen arteaz gozatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun