Beldurrezko ametsik makurrenen parekoak dira; janari bila joan eta hiltzen dituzten herritarrak, hondakinen azpian txikitutakoak, lurrean lo egiten duten helduak, beldurrez betetako gazteak... Eta min gehien ematen didatenak; gosez eta tristuraz betetako haurrak. Guraso guztiok nahi dugu hoberena gure umeendako. Ezin dut imajinatu ere, zer izanen den, seme-alabei zer jan ezin eman, eta mantso-mantso nola ari diren itzaltzen ikustea! Gerrako asotsek beraien ume inozentzia mila zatitan puskatu dute eta familiek bizirik dituzten umeak gogor besarkatzea bertzerik ezin dute egin; gurasoen altzoa da ume horiei gelditzen zaien babesleku erreal bakarra!
Ez dakit zer egiten ahal dugun guk, baina garbi dago, katez aldatu eta deus gertatuko ez balitz bezala jokatzea ez dela aukera bat. Guztiok gara lekuko eta neurri batean, baita egiten dugunaren edo ez dugunaren erantzule ere. Orain, ahotsa kendu nahi dietenen alde oihu egitea bertzerik ez zaigu gelditzen.