Emozio uholdea

Gizarteak sortzen garen momentutik epaitzen gaitu eta sentsazio hori biderkatu egiten da haurdun gelditzen zarenean

«Oraino lanean?, Dagoeneko bajan?, Bederatzi hilabeteko eta mendian?, Epiduralarekin e?, Haurra motxilan itoko da, Karrotxoan eskuak hoztuko zaizkio, Zuekin lo eginez gero horretara ohituko da, Bakarrik lo eginez gero segurtasuna faltako zaio, Esne ona duzu, Besoetan sobera hartzen duzu, Bai izen arraroa!, Txupetea ez da ona, Negar egin behar du, Hainbertze muxurekin beraztuko duzu,...».

Begiak hetsi eta hatsa sakon hartzen duzu; zoru pelbikoa zaintzeko erakutsi dizuten moduan, doike. Borondate onarekin erraten dutela pentsatu nahi duzu. Orduan etxeko trankiltasunera sartzen zara, ttikia besarkatu eta bere usaina nabaritzen duzu. Goxo begiratzen zaitu, epaitu gabe, maitasunez. Bera eta zu. Ikaragarri maite duzu. Momentu magiko horretan mundua gelditzen da, gainerako dena atzentzen duzu eta ordura arte bezala, nahi duzun gisara, ahal duzuna egiten segitzen duzu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun