Ama hauek beraien azaletan sufritutakoa, etorkizunean mundura etorriko direnek sufritzearen beldur dira. Adibide garbi anitz daude; ablazioa jasaten duten Afrikako umeak, 60 urteko gizonekin ezkontzera kondenatutako neskatilak, ikasteko eskubidea kendu zaien neskak, prostituitzera derrigortutako nerabeak, bortxatutako gazteak, bahitutako emakumeak, burka baten azpian bizitzera kondenatutako emazteak, bertze 3 emazterekin batera senarraren ohatzea berotu behar izaten dutenak, tratu txarrak jasan dituzten amatxiak…
Urteak joan eta urteak etorri etsigarria da gizakiek sortutako injustiziek hor segitzen dutela ikustea. Munduko emakume guztiek izan beharko genuke sabelean dugun alabaren etorrera desiratzeko eskubidea.