Super amatxiak!

Gure amatxien eguneroko jardunak ordu anitz izaten zituen; oilarrarekin iratzarri, gosaria prestatu, haurrak zaindu, arropa garbitu (eskuz urte luzez), etxea garbitu, senarra etorri baino lehen bazkaria egin, gurasoak (bereak edo senarrarenak) zaindu, baserriko lanak, baratzekoak, arropa hautsiak josi, afaria, haurrak lokartu, eta denak ohatzera joaten zirenean, biharamuneko lanak aitzinduak utzi.

Diruak gidatzen duen mundu honetan, itzalpean gelditu dira etenik gabe lanean aritu baina etxera jornalik ekarri ez duten emakumeak. 24 orduz zartagina eta isatsa eskuan, denen nahiak asetzeko prest egon dira gure amatxiak eta hala ere, anitzen ahotik aditu behar izan dugu; gure andreak ez baitzuen lanik egiten, berak egiten zituen gauza horiek. Inork ez du ukatzen gure aitatxiek ere lan anitz egin zutenik baina erretiroa ailegatu zitzaien eta geroztik beren pentsioarekin bizi dira, egindako lanaren fruitu. Baina noiz erretiratuko dira gure amatxiak? Gizarteak kontrakoa sinetsarazi nahi izan badigu ere, emakume hauek egindako ordaindu gabeko lana, balioz neurrigabea da. Hortxe gure kaparik eta dominarik gabeko super heroiak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun