Gero

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Iantzi Danboriena 2020ko api. 9a, 11:00

Egingo dut, eginen dugu, bihar, etzi...  maiz aditzen ditugu gure egunerokoan. Eskuarak etorkizuna adierazteko aukera ematen digu baina hori ez da hizkuntza guztietan gertatzen. Zenbait hizkuntza indigenetan, etorkizun gramatikala ezin dute adierazi; ez daukate horretarako hizkuntza-baliabiderik . Iraganera begiratu eta oraina eraikitzen dute. Beharbada, beraien etorkizuna arras lauso ikusten dute. Eta igual ailegatuko ez denaren kezkatan ito baino, orainean pausatzen dituzte beraien hankak. Eta hizkuntzak ere, horrelaxe egiten du.

Guri kontrakoa gertatzen ari ote zaigu? Eginen dugunarekin betetzen zaigu ahoa: udan hilabeteko bidaia eginen dugu Tailandiara, zer gogoak astebururako!...  Ez al zaigu atzentzen ari momentuan egiten duguna gozatu behar dugula? Eguneroko gauza ttikiak dastatzen ote ditugu?

Axularrek ere aurreikusi zuen gertatzen ari zena eta aholku garbia eman zigun: ez utzi biharko gaur egiten ahal duzuna. Igual bada ordu, gibeletik izan genituenei kasu egin eta gerokoa geroko uzteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun