Asko oroitzen naiz egun hauetan bakarrik bizi den adineko jendeaz; etxean bere erasotzailearekin itxita egon behar duten emakumeez; kartzeletan inolako bisitarik gabe gelditu diren presoez; etxerik ez dutenez; eta baita Zaldibarren bi familia-kide, lagun edo lankide galdu dituztenez ere. Baina gai horiek erabat baztertu gabe, gure gizartearen baloreetan jarri nahiko nuke oraingoan diana. Guretzat zerk daukan garrantzia eta zerk ez.
Urruti ikusten genuen arriskua, klima-aldaketaren ondorio lazgarriak urruti ikusten ditugun bezala. Eta norberari eragiten ez dion arte, ez dugu arazoa serio hartzen. Axola zaigu, baina tira. Gure bizitzarekin jarraitzeko modua baldin badugu, hor konpon. Baina birusa ispiluaren aurrean jarri zaigun unean, histeria dator. Hori bai, sistema osoa planteatuta dagoen moduan, gizartea ez dago prest horrelako krisi bati aurre egiteko.
«Bada garaia sistema publikoaren aldeko pauso irmoak emateko»
Lehentasunak lehentasun omen dira, eta dirua ere halaxe banatzen dute agintariek. Era honetako pandemia batek etxeko atea zeharkatu digun honetan, zientzialariak behar ditugula ohartu gara; osasungintzako langile eta baliabide egokiak; garbitzaile prestuak… Tamalez, alor horietan hutsuneak daude, orain arte ez baitira gobernuentzat lehentasun izan. Pribatizatzearen alde jo eta ke dabiltzan horiek milioiak gastatu dituzte Espainiako armada eta molde guztietako polizia-indarrak hornitzeko. Baina etsaia birus formatuan etorri denean, kaosa. Bada garaia sistema publikoaren aldeko pauso irmoak emateko; txaloek laguntzen dute, baina ez dute birusa desagerraraziko.
Halere, dena ez da kritika izango. Egun ilun hauek argitik ere aunitz izan dute. Izugarri gozatzen ari naiz etxekoekin eguneroko une ttikietan. Ilobarekin ahaztuta nituen fantasiaren mugak ukitu ditut berriz ere, eta aspaldi egin gabeko barre algarak egin ditut. Lagunek bidalitako bideoek ere lagundu dute horretan. Zenbat abesti entzun ditugun, zenbat poema irakurri, zenbat liburu… Egoera honek kulturak arnas pixka bat hartzeko balio badu, gaitz erdi! Ea hain gutti balioztatzen ditugun irakasgai artistiko horiek ere babesten hasten garen.
Eta nola ez, ea hemendik aurrera norberaren indibidualismotik atera eta benetako elkartasunean eta sozialismoan inbertitzen hasten garen. Ea garrantzia duten gauzetan inbertitzen hasten garen. Ea honek ikasteko balio digun eta ez diren hausnarketa hauek guztiak birusarekin batera ezabatzen.