Telebistan bertze batzuk agertzen zirelarik Euskal Herriko txoko aunitzetan adi aritzen ziren azentuari, hiztegiari edo doinuari, aurkezlearen eskualdea ez ezik herria edo, ahal zenetan, auzoa zein zen asmatu nahian, eta oraindik ere halatsu aritzen dira han-hemen. Aldiz, Estitxu Fernandeztarron erreinua arras zabala zen eta, exotizatzen dugun guztiarekin egin ohi dugun bezala, ez zuen ñabardura edo zehaztapen gehiagorik eskatzen, nonbait, gure auzoak edo herriak berdin zuen. Dena den, nik eskertzen nuen heldulekua, «gutar» bat bederen hor ikustea, eta zeinen dotore, gainera! Erakutsi zidan moldatzea eta mozorrotzea ez zirela berbera, telebistan edo bertze edozein tokitan aritzen ahal ginela, praktikatuz gero, gure euskarari uko egin gabe; funtsean, euskara batua gurea ere bazela.
Duela pare bat urte bidera atera zitzaidan berriz ere Estitxu Fernandez, oraingoan Erika Lagomarekin batera, eta bertze behin irakaspen franko zituzten altzoan. Bi eskutara idatzi zuten liburua mardula bada ere, bada burutik kendu ezin dudan esaldi bat: «Izan zaindu ditzakezun adina harreman». Bortz hitz bizitzari eusteko. Ez du iduri sobera eskatzea denik eta, haatik, hori izanen dugu bulkada nagusi aurten ere martxoaren 8an karriketan zintzurrak urratzeko.
Aldarrikapen batzuen bezpera eta bertze batzuen biharamuna, otsailaren 21a joan berri zaigu eta, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna. Hizkuntza gutxituen biziraupenaren aldeko aldarria egiteko eguna denez, pentsatzen ahal da orain arte aipatu ditudan bi gaiak biltzen dituela, hein batean. Izan ere, bi egunetan eskatzen ditugu baliabideak, kontzientzia, bizitzea ahalbidetzen digun sistema oso bat behar dugula, oraingoa ez dela jasangarria. Hortaz, bi daten arteko zubia eraikitzen ahal dugu, elkarri hitzeman, negoziatu zenbat hitzekin murriztuko ditugun arrakalak, ez baitu iduri bortz hitz eskatzea sobera denik gure hizkuntza politiken irizpide gisa. Akaso, euskara zaintzearen ardura duten instituzioendako hauxe izaten ahal da irakaspen eratorrietako bat: izan zaindu ditzakezun adina hiztun.