Ez dadin mundua txikitu

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino Lopez 2023ko eka. 25a, 10:00

Yasnaya Elena Aguilar Gilek Ää: manifiestos sobre la diversidad lingüística liburuaren edizio berria aurkeztu du berriki Euskal Herrian, eta ekitaldian eman zuen hitzaldi mamitsutik bortz titular ekarri nahi dizkizuet, zuengan ere piztu dadin liburua irakurtzeko grina.

Lehenik eta behin, markoa argi utzi zuen: Mexikon 12 hizkuntza familia daude eta indoeuroparra den hizkuntza bakarra da hegemonikoa, koloniak inposatutakoa. Gero, gogora ekarri zuen Mexikoko estatua sortu zenean populazioaren % 70 hizkuntza indigena bateko hiztuna zela eta, aldiz, gaur egun % 6,1. Beraz, kolonialismoaz gain, estatuari leporatzeko franko zuen hizkuntza zapalkuntzari dagokionez. Erran zuen: «Estatuarentzat arras garestia (izan) da errealitate eleaniztunaren kontra borrokatzea. Galdetu Mexikoko Estatuari, sortu zenetik, zenbat diru inbertitu duen gaztelaniadun elebakarrak sortzeko».

Bigarren titularra: «Hiztunek giza eskubideak gorpuzten dituzten bezala, hizkuntza eskubideak dira giza eskubideen hari eroale. Gure testuinguruan ezin da demokraziaz aritu elebakartasunetik». Izan ere, hizkuntza zapalkuntzaz gain, bertzelako hegemonia eta indarkerien gurutzaketa edo nahasketa da hiztunok etengabe gorpuzten duguna. Horri bueltaka ari ginelarik zazpi hitz bota zizkigun: «mundu justuago bat ezin da elebakarra izan».

Segidan, etorkizuna izan zuen hizpide. Bere ustez, «hizkuntza aniztasuna galtzen jarraitzen badugu gizakiaren mundu ikuskera geroz eta murritzagoa izanen da». Hau da, munduari begiratzeko, mundua ulertzeko eta, funtsean, munduan egon eta izateko moduak galdu ahala pobreagoak izanen gara gizakiok, ikuspegi geroz eta hertsiagoa izanen dugulako. Beraz, mundua, literal zein metaforikoki, txikituko dugu.

Mixe hizkuntzaren biziberritze lanetan gogotsu ari direla nabaria zen, dantzan dituztela esku eta buruak, mugak muga. Nola egiten ari diren galdetu eta oinarrizko hiru baldintza aipatu zituen: «hizkuntzaren biziberritzea lurraldearen defentsarekin lotzea, hiztuna ez den jendearekin aliantza sendoak egitea eta komunitate lana (estatu egituretatik kanpokoa) indartzea».

Bukatzeko, itxaropena eta borroka ezinbertzean lotu zituen Yasnaya Elena Aguilar Gilek: «Herri indigenetan baditugu egungo hainbat krisiri aurre egiteko gakoak: adibidez, gizakiak naturaren parte izatea (elikadura, osasungintza edo sinesmenei dagokienez, bertzeak bertze) edo mendebaldekoak ez diren familia ereduei, alegia eredu kolektiboagoei, eustea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun