Euskaldunen (t)estamentuak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino Lopez 2022ko abe. 18a, 09:30

«Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?» hori izan zen Euskal Herri luze eta zabaleko lagun mordoxka bati luzatu nion galdera. Segidan aletuko ditut erantzunak, hitzez hitz, eta, izanak ez bezala, izenak asmatu ditut, badaezpada. Hemendik aitzinera irudikatu, faborez, nork gorpuzten dituen zuen inguru hurbilean aipuok.

Aurorak bota zidan: «Orain ez dut inolako konplexurik izaten, baina txikitan hainbat iseka jasaten genuen baserritar euskaldunok eta txarto sentitzen ginen». Horra gure amama, amona edo amatxien ahotsa, nahiz eta maiz isilduta egon oraindik, aunitzek ez baitugu osatu gure biografia linguistikoa. Euskaldunegiak ziren garai hartako Aurorak, batzuen begietan. Eta ederra da, oztopoak oztopo, euskarari eutsi zioten amatxiak goraipatzea, baina ez ditzagun bertze guztiak atzendu. Are gehiago, ez ditzagun errudun egin euskararen errepresio sistema horren guztiaren biktimak.

Agate ere ez omen da ongi sentitzen batzuetan: «Konplexu, konplexu bezala, nik ulertzen dudan moduan ez, zeren eta, alderantziz, ematen dit harrotasun puntu bat erdaldunekin solastatzen naizelarik eta euskaraz egiten ahal dudalarik. Euskalkien inguruko harrotasun puntu hori. Baina egia da beti segurtasun falta sentitu dudala ahozkotasunean baliabide guttiago ditudalako, edo erdarara jotzeko joera hainbat gaitan». Pentsa Agateren amatxi Aurora dela. Hara non, bi belaunaldiren bueltan, Agate ez den aski euskalduna batzuen begietan.

Eta euskalkirik gabekoak? Horiek bai bigarren edo hirugarren mailako euskaldunak! Leirek hala bizi du, behinik behin: «Nik ere konplexua izan dut euskalkietan hitz egiten dutenen aurrean hitz egiterakoan. Izan dut eta badut. Askotan euren burua ni baino euskaldunagotzat izatearen jarrera 'ezkutua' dutelako edota nik hori nolabait barneratuta dudalako».

Horrez gain, Maitanek: «Euskara batua euskaldun berriekin edo euskara 'ortopedikoarekin' (literalki esan didate) lotzen dute oraindik ere askok, zoritxarrez. Gure euskara ez da berezkoa, naturala, gurea asmatua da, eta askorentzat ez da polita. Bestetik, betikoa: hemengoa izateko ondo egiten duzu euskaraz, seguru guraso euskaldun peto-petoak dituzula. Aurreiritzi horiek euskaraz hitz egiteko konplexua sortzen dute». Zenbat kategoria euskaldunen arteko botere harremanak eraikitzeko: euskaldun-euskaldunak, kastakoak, peto-petoak, jatorrak...

Kontrako eztarritik joan zaigula euskalduntasuna, Uxue, hori da dena, funtsean: «Euskaldunak publikoak dira –begiratuak, epaituak, esanguratsuak– eta haien errepresentazioa etengabeko negoziazio semiotikoaren emaitza da. Askotarikoak izan arren –neurriz, estiloz, esanguraz–, euskaldunak euskaldun generikoarekin aritzen dira elkarrizketan (haren historiarekin eta etorkizunarekin) inguruko euskaldun errealekin adina».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun