Hitz ugalpena

Hitzei erreparatu nahi diet gaur, nola polisemiaren komodinik gabe erranahia aldatu edo galdu arazten diegun hitz batzuei. Horretara natorkizue: nahasmenaren erdian hitzak arrantzatzera.

Badakizue adrendua hartzea zer den? Nik berriki ikasi dut zerbaiti adrendua hartzen diogularik horretan trebatu garela. Adibidez: «Iduri du lagunak hartu diola adrendua auto berriari». Adrendua hartu, ederra, trebetasun edo ikasitako hori ukigarri egiten du kasik. Hartu diot adrendua honi, harrapatu dut, neureganatu dut jakintza pusketa berri hau.

Bertzalde, ohartu berri naiz guk ttikitan eltxitxu deitzen genuena eltzeitsua idazten dela. Itsulapiko mila aldiz irakurriko nuen, eltzeitsu, aldiz, ez zait maiz ageri begi parean. Badira hitz batzuk ahoan sarri eta begietan urri izaten ditugunak, ez da hala? Eltzeitsu, itsulapikoren sinonimorik absolutuena segur aski, da horietako bat.

Lekutu aditza. Nonbaitetik lekutu: giroa okertzen hasi zen eta segituan lekutu ginen handik. Ospa, alde, hanka, ihes egin. Lekutu. Beti baikaude lekuren batean, denak baitu lekuren bat, hau ez bada bertzea. Lekuz leku, lekutu, leku egin arte.

Badago hitz bat ezkontzetan, andregaiaren lagun joan ohi ziren emakumeetako bakoitza izendatzeko: aialdekoa. Ez dakit aialdekorik dagoen gaur egungo ezkontzetan, edo izana bera izan zen lehendabizi galdu arazi genuena, baina badugu hitz bat horretarako.

Ez dugu hitzik ordea, aunitzetan, gehiegitan oraindik, inguruan pasatzen zaizkigunak izendatzeko. Alaine Agirreri irakurri nion badugula hitz bat gurasoren bat galdu duen haurrarendako: umezurtza da. Badugu bertze hitz bat bikotekidea galdu duenarendako: alarguna. Nola ez dugu izenik seme edo alaba galdu duen gurasoarendako?

Batzuk erraten dute hitzek ezin dutela deus aldatu, baina hitz batzuk eta gero dena ez da berdin, nahiz eta asmo onez bota. Dena den, arrantzatu badugu zerbait edo hitzak sortzeari adrendua hartu badiogu, ez gaitezen izan hitzen eltzeitsu, ez ditzagun lekutu izenak, leku egin diezaiegun izanei, ahoan zein begietan hitzen umezurtz eta alargun baikara gaurdaino. Eta emakumeok hitzak behar ditugu bizitzan aialdeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun