Ispilu jolasa: zenbatu eta kontatu

Urtea hasteko egin dezagun esperimentu ttiki bat: pentsatu miresten duzun pertsona batengan eta pentsatu, baita ere, zergatik miresten duzun; eman, adibidez, pertsona horren hiru ezaugarri.

Ahal baduzu egin ariketa taldean, baina ahoz erran beharrean idatzi erantzunak papertxo batean motz- motz: paperaren alde batean izena eta kontrakoan ezaugarriak. Ez dut zure erantzuna sobera baldintzatu nahi, baina izan daiteke fantasiazko zein erreal, hildako norbait edo bizirik dagoena, ezagutzen duzuna edo ospetsua bertzerik ez dena. Kitto? Altxatu paperak multzo batean.

Eutsi taldeari eta pentsa ezazue zuen auzo, herri edo inguru hurbilean egin duen ekarpenagatik miresten duzuen norbaitengan. Idatzi bertze paper pusketa batean zergatik miresten duzuen, bakarka berriz ere: izena aldi batean eta miresten dituzun ezaugarriak bertzean. Bigarren paper multzoa. Errepikatu ariketa hirugarren aldiz (trankil, azkena da), baina oraingoan pentsatu egin duen lanagatik miresten duzun norbaitengan. Esperimentua egiaz egin nahi baduzu ez irakurri hemendik aitzin, spoiler alerta!

Esperimentuaren lehendabiziko fasea akitzen duzuelarik irakurri paperak banan-banan talde osoaren aitzinean, anonimotasuna gorde nahi baduzue paperak nahastuta, ez dezazuen jakin zein den norena. Taldekide guztiendako hor akituko da ariketa, baina esperimentua zuk proposatu duzunez plusa eramanen duzu trukean paper zatitxoekin batera.

Aztertu erantzunak. Lehendabizi, paratu buruz goiti papertxoak izenen aldetik eta begiratu ongi: izen horiek partekatzen al dute ezaugarririk? Erreparatu, adibidez, jatorri, sexu, adin, klase sozial edo arrazari. Eta badago alderik hiru multzoen artean edo denetan izen iduritsuak ageri dira? Orain eman buelta papertxoei eta miresten dituzuen ezaugarrien inguruan galdera berbera erantzuteaz gain saiatu, gero, ikuspuntua aldatzen, disekzioan harago joaten: pentsatu ezaugarri horiek, gehienetan, nork izaten dituen.

Nire hipotesia da sorpresa multzo bat (laugarrena) bilduko duzula esperimentu hau egiten baduzu. Hortaz, kasu, papera ere alde biko aizto izaten ahal da, zenbatu eta kontatu behar baitugu. Guttiengozale garen arren zitala delako arraina maitatzea uretatik kanpo bizirauteko duen gaitasunagatik, segurik izena eta izena batu nahi baditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun