Lehendabizi, irabazleak, Miren Uriarte euskalduna eta Arawi Ruiz kichwa, hasi ziren erraten beraien arteko elkarrizketa luze eta mamitsuetatik sortu zela proiektua eta, ondotik, azken aldian ugaltzen ari zaigun uztarketa ekarri zuten oholtzara: klima aldaketa eta hizkuntza gutxituak gurutzatzen dituena, hain zuzen ere. Hitzez hitz, erran zuten: «gure hizkuntzek naturarekin erlazionatzeko duten moduari balioa eman nahi izan diogu» eta proiektuaren bidez «basatzera animatu» gintuzten. Izan ere, kitxuaz eta euskaraz basa hitzari lotutako erranahi eta konnotazioak bildu zituzten eta gehienak negatiboak direnez basa hitzaz birjabetzera bultzatu nahi gaituzte. Finean, hizkuntza basatien basoa zaintzera.
Bertzalde, bigarren saria irabazi zuten Amaia Orbe euskalduna eta Morgane Lincy bretoia hasi ziren erranez: «normalki uste dugu mapetan ageri diren hizkuntzak, mugak marrazten dituzten horiek direla egiazki inporta dutenak, komunikatzeko balio dutenak, badirela hizkuntza unibertsalak eta erregionalak eta gureak, bretoiera eta euskara, bigarren taldekoak direla» eta ideia horrekin abiatu ziren webdokumentalean jaso duten bidaian Kurdistan aldera. Dena den, joan-etorrian ikuspuntua aldatu zuten: «bueltatu ginelarik bagenekien ez zela hala, hizkuntza txikirik existitzen bada, gureak bederen ez direla horietakoak. Ohartu ginen mapetan ageri ez diren hizkuntzak, mugak errespetatzen ez dituztenak direla pertsonak gehien mugitzen dituztenak, aukera eman zigutenak hainbertze istorio aditzeko, hainbertze partekatzeko eta ikasteko, funtsean geure burua ezagutzeko».
«Doinua badugu, lotu nahi duzun neurrian»
Pandemia garaiko bigarren udarako oharrak baino gehiago notak dira aipuok eta azken bat ere botako dut, Mexikoko nawat hizkuntzatik indigenen lurren aldeko borrokalari nekaezina den Bonifacio Iturbideri aditutakoa: «finean, kontua ez da nolako lurra uzten diegun gure seme-alabei, baizik eta nolako seme-alabak uzten dizkiogun gure lurrari». Doinua badugu, lotu nahi duzun neurrian.