Berrogeialdi, ehunaldi

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino Lopez 2020ko ira. 19a, 12:00

Ziurgabetasuna nagusi den garaietan, gaurkotasunari gaur luzeegia zaion sasoi honetan zaila da iritzi bat plazaratzea. Dena den, aukerak galdutzat eman aitzin, begi parean ditugun hari-muturretako batzuk ekarri nahi ditut eztabaidara, elkar elika dezaten gure hausnarketek.

Batetik, komunitatea, auzoa, hurkoa. Ikasi ote dugu gaurgero ezin garela izan ez bada pluralean? Banaka produktuak garela, saldu zein salgai. Ez gara nahi bezain bereziak edo, segurik, bereizi egiten gaituenak batzen gaitu. Orain ezin dugu ukatu elkarri eragiten diogula eta, hortaz, orain da momentua hori balio gisa aldarrikatzeko, auzolanean bezainbertze egunerokoan. 

Bertzalde, zaintzak. 'Normalitatera' bueltatzeko irrika nondik heldu da? Zaintza lanak menpeko perpausera kondenatzen dituen normaltasunean ez dago tokirik duinki lan egin eta bizitzeko, telebizitzak argi utzi du bizitza zer(tarako) den. Maila kolektiboan lehen planora ekarri ditugu, adibidez, erizainak, kutxazainak eta zahar etxeetako langileak, baina ez daitezela toki horretan laketu, heroi deituko ditugu eta, hala,  mundua salbatu ondotik joanen dira berriz inbisibilizatuta eta prekarizatuta zeuden tokira, normalitatera. 

Gainera, hezkuntza eta osasungintza. Osasuna eritasunik ezarekin parekatzea langa beheitiegi paratzea da eta, bertze behin, gutako bakoitzaren sorbaldan paratzen du arduraren zati handiena osasun sistemaren zuloak agerian gelditu ez daitezen. Konplize gara. Hezkuntzan, halaber, eztabaidak protokoloetatik haratago zabaltzeko espazioak behar ditugu. Sistemaren zurruntasuna bistan gelditu delarik eta ezohiko bideetatik ikasten ari garelarik akaso pentsatzen ahal dugu nork, zer, nola eta zertarako irakatsi, adibidez. 

«Behatz puntetan ditugu erresistentzia modua berriak»

Akitzeko, prekarietatea, desoreka. Badakizu zure inguruan nor ari den pasatzen zu baino okerrago eta badakizu abiapuntua ere ez zenutela berbera. Aunitzez ere hobe pasatzen ari dena ezagutzea ez da aitzakia, ez zaitu erdirago paratzen. Berdin segitzeak desberdintasunak handitzen ditu.

Hau da, behatz puntetan ditugula erresistentzia modu berriak edo, bertze modu batera erranik, ahoa estalita izatea eskuei protagonismoa emateko baliatzen ahal dugula.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun