Atera normaltasuna armairutik

Erabiltzailearen aurpegia

Gaur martxoaren 9a da, astelehena, atzo kaleak hartu genituen, lelo feministak oihukatu genituen eta egunero emakumeek egiten dituzten lan isiletako batzuk lehendabiziko lerrora ekarri genituen. Txalo den-denei, mundiala da pausorik-pauso lortzen ari zaretena. Atzokoaren bestondoa izanen da, baina gaur bizitzak aitzina segitzen du eta aste hasierak gure etxera ekarri dituen bi egitekori erreparatu nahiko nioke. Bi lanak dira iraupen bertsukoak, ordubete inguru, pertsona bakarrak egiteko lanak dira biak eta prestaketa eskatzen dute, aitzinetik formazio edo/eta esperientzia izatea. Konponketa lan gisa definitzen ahal ditugu biak.

Orain arte berdintsuak iduri dute, baina badaude ageriko desberdintasunak, adibidez: batengatik 90 euro ordainduko dugu eta bertzeagatik bortz euro inguru. Gainera, segur aski ez dugu sobera pentsatuko horren inguruan, normaltasunaren armairuan ongi ordenatuta baitugu horrela dela, horrela izan dela beti eta akaso azaleko justifikazioren bat ere izanen dugu horrela izaten jarraitu dezan.
 
Galtzak jantzi ahal izatea emakumeen borrokaren ondorio izan zen, bertze garaipenetako bat izan zen etxetik kanpo lan egitea, baina gaur egun askatasunaren sinbolo izan ziren galtza horien azpildurak josteagatik bortz euro ordaintzea normala da. Zer pasatuko litzateke garbigailua konpontzeagatik bortz euro ordainduko bagenu? Jostunari emakume aurpegia paratu badiozu eta garbigailu konpontzaileari gizonarena ez da kasualitatea; ez da kasualitatea ustezko normaltasun horren barnean bi soldata horiek kabida izatea. Hortxe dago koxka, normaltzat ditugun eguneroko aferetan. Hortaz, ailegatu da eguna: ireki begiak, atera normaltasuna armairutik.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun