Hizkuntzak eta generoa ez daude aparte, sekula

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino Lopez 2018ko aza. 16a, 13:04

Urriaren 19an antolatu genituen Garabiden Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa jardunaldiak Mondragon Unibertsitateko Bilbao Berrikuntza Faktorian. Goizean lansaioek eta arratsaldean mahai-inguruak aurreikuspenak bete zituzten eta espero dugu dinamika iraunkor baten abiapuntu izatea hizkuntzaren aldeko aktibismoa eta emakumeen ahalduntzea lotzeko. Lerro hauetara mahai-inguruan landutako gai batzuk ekarri ditugu.

Artikuluari izenburua ematen dion esaldiarekin akitu zuen Lorea Agirrek bere hitzartzea eta ederki laburbiltzen ditu mahai-inguruan plazaratutako bizipen eta iritziak. Iraitz Agirrek gidatuta bildu ziren mahaiaren bueltan lau hizlari, hiru kontinentetako hizkuntza komunitateen ordezkari: Suna Altun aktibista kurdua, Yazmin Novelo Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren aldeko aktibista eta euskaldunen artean Txerra Rodriguez soziolinguista eta Lorea Agirre antropologo eta kazetaria. Munduko txoko ezberdinetan hizkuntza gutxituen biziberritzearen alde lanean ari diren emakumeen egoerara hurbiltzeko aukera izan genuen, guttitan pasatzen den bezala, beraien ahotik entzun baikenuen non eta nola gurutzatzen diren generoaren eta hizkuntzaren zapalkuntza.

Suna Altun aktibistak, hasteko, kurduen artean arras ezaguna den Jin, Jîyan, Azadî leloa bota ondoren hitz bat gehitu eta lelo berria osatu zuen Jin, Jîyan, Azadî û Ziman, euskaraz Emakumea, Bizitza, Askatasuna eta Hizkuntza. Turkiaren menpeko emakume kurduen egoera eta boteretze guneak izan zituen ardatz. Mexikora salto egin eta yukatango maia hiztun den Yazmin Novelok komunitateko 22 emakumerekin egindako tailerretako hausnarketen berri eman zigun. Noveloren hitzetan, gizarteko botere harreman desorekatuen ondorioz, emakumeek eta hizkuntza gutxituek zapalkuntzak partekatzen ditugun heinean ikasi behar dugu horiei batera aurre egiten.

Euskal Herrira etorrita Txerra Rodriguezek bere hitzartzea datu soziolinguistikoetan oinarritu zuen eta genero ikuspegitik aletu zituen. Lorea Agirrek hartu zuen hitza gero: «Dena batera doa. Nire gorputza da osorik euskalduna eta emakumea: ez erdizka emakume, ez erdizka euskaldun. Honek besteak nirekin harremantzeko modua arautzen du, baita nik besteekiko ditudan jarreretan eragin ere». Akitzeko, botere harremanak eraikiak diren heinean deseraikiak izaten ahal direla utzi zuen mahai gainean eta horretan kolektiboki lan egitera dei egin zuen. Ezinezkoa da bi orduko saioak eman zuena motzean kontatzea, baina ekintza isolatua izatetik urrun hizkuntza lankidetza egitasmoen baitan gaia sakonago lantzeko abiapuntua izan zen Garabiden. Beraz, aitzinera begira arlo honetan ere jarraituko dugu elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko eta esperientziak trukatzeko espazioak irekitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun