Mexikoko nahuatl hizkuntza: iragan mingotsa gozotzen

Aitzineko zutabean erran genuen Garabide Elkartean hizkuntza lankidetza egiten dugula, hau da, munduko hizkuntzen biziberritze prozesuak bultzatzen ditugula euskaldunek eta bertze hizkuntza aunitzek bidean pilatu ditugun esperientziak trukatzeko. Hori zehazteko gaur Mexiko alderat joanen gara eta han gaur egun solasten diren 65 hizkuntza indigenetatik haundienera begira paratuko gara: nahuatla

Mexikoko Puebla estatuko mendizerran bizi da nahuatl komunitatea eta hango hizkuntzak, garai batean Azteken hizkuntza zenak, egun nahuatl edo nawa deitzen dena, 1.500.000 hiztun inguru ditu Mexikon, dialekto guztiak barne hartuta. Seguruenik ez duzu jakinen, bainon zuk ere franko maiz erabiltzen dituzu nahuatl hitzak: adibidez, txokolate (xoco-, mingotsa, eta -atl, ura) jatorrian edari mingotsa zena, txikle (aztekek ahotan izaten baitzuten hango tzictli landarea) edo tomate.

Hizkuntzaren biziberritze lanaz gain, eredu sozioekonomiko propioa pentsatu eta martxan paratu zuten 1997an, Unión de Cooperativas Tosepan  Titataniske (“Elkarrekin irabaziko dugu” náhuatl-ez) izeneko kooperatiba elkartea sortu zutelarik. Gaur arte presentzia eta garrantzia du Cuetzalan inguruan eta TOSEPAN taldeak gisa guztietako proiektuak hartzen ditu barne, batzuk aipatzeko: TOSEPAN KALNEMAXTILOYAN (eskola), TOSEPAN KALI (ekoturismo zerbitzuak) eta TOSEPANTOMIN (kreditu kooperatiba). Horrekin batera  aipatzekoa da 200dik gora komunitatetan kooperatiba lokalak dituela martxan.

Garabidek harreman luze eta sakona du nahuatlekin eta, preziski, joan den martxoan izan ginen azkenekoz beraien lurretan. TOSEPAN kooperatiban “hizkuntza planak” paratu nahi zituzten martxan eta horretarako Euskal Herriko enpresa batzuetan dauden euskara planen esperientzia hurbiletik ezagutu zuten. Garabide zubigile lanetan aritu zen eta Euskal Herriko EMUN enpresak aholkularitza teknikoa eman zuen TOSEPANeko kideekin lanean gogor aritzeko. Hiru aste eta gero lortu genuen nahuatl planak hezurmamitzea. Esperientzia aitzindaria da eta arras emankorra izatea espero duguna.

Garabideren lana ez da bakarrik Euskal Herritik kanpokoa, hemen ere aritzen gara hizkuntzen arteko esperientzia trukerako espazioak irekitzen, herritarren aktibaziorako tresna paregabea baitira gure ustez.  Munduko bertze hizkuntzen biziberritze prozesuak ezagutzeak eskutik ekartzen du barnerat begiratzea. Mexikon, adibidez, nahuatlek alimaleko motibazioa, ilusioa dute mundutik edan eta etxekotzen dutenarekin eredu propioak sortzeko. Eta gu ausartuko gara gure etorkizuna amesten? Eta amets horiek egi bihurtzeko ekiten?

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun