Hasteko, Garabide Gobernuz Kanpoko Erakundea da eta kooperazioa da gure lan alorra. Duela dozena bat urte, sortu ginelarik, euskal lankidetza birpentsatu nahi izan genuen, kooperazioan nagusi den asistentzialismotik urrundu eta hizkuntza garapenaren zentrora ekartzeko. Hizkuntza lankidetza deitzen diogu horri, hain zuzen ere, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen bidelagun izan nahi baitugu, euskararen esperientziatik abiatuta.
Jakintza eta bizipenen trukea, nagusiki, Ameriketako hizkuntza komunitateekin egiten dugu: Mexikoko Yukatango maiak eta nahuatl-ak, Guatemalako kaqchikelak, Ekuadorreko kitxuak, Boliviako aimarak eta guaraniak, Txileko maputxeak eta Kolonbiako nasak. Horrez gain, Rifeko amazighekin, kurduekin eta Poloniako kaxubiarrekin elkarlanean ari gara. Beraz, formazio eta aholkularitza proiektuen bidez zuzenean paratzen ditugu harremanetan euskalgintza eta komunitate indigenak, batzuetan Euskal Herrian, bertzeetan tokian-tokian. Horrela, batetik, esperientzia arrakastatsuak elkarren artean partekatzea eta, bertzetik, etorkizunerako ametsak herrien arteko auzolanean eraikitzen hastea lortzen dugu.
Munduko hizkuntza gehienak desagerpenerantz joaki dira geroz eta agudoago, beraz, batera saiatu behar dugu denena den korapilo hau laxatzen. Euskal jendarteak azken hamarkadetan joera horren kontra egiten asmatu du, neurri batean bederen, eta hortaz uste dugu funtsezkoa dela euskaldunendako gure hizkuntzaren biziberritze prozesua ongi ezagutzea, balioan paratzea eta, bidelagunen ilusioaz bustita, euripean bada ere, bidea egiten segitzea.
Akitzeko, lerro hauek probestu nahi ditugu gure lana posible egiten duen Euskal Herriko laguntzaile sareari eskerrak emateko, bai bazkideei, baita enpresa eta erakundeei ere. Eskualdean Baztango Udala izan dugu oraintsu arte zutabe nagusia, eta berriki, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ere gehitu zaigu. Bihotzez, mila esker hizkuntza lankidetzaren aldeko apustua egiteagatik!