Horrekin loturiko bertze albiste bat ere ekarri dizuegu. Izan ere, Albistur Hogeita Hamabortz soziologia enpresak egindako ikerketa baten arabera, azken sei hilabeteotan nabarmen hobetu da herriko biztanleen osasuna.
Aditu talde batekin egindako kontrastearen arabera, nagusiki bi arrazoirengatik nabaritu da hobekuntza. Alde batetik, airean dagoen CO2 kopuruak bortz puntu egin baitu beheiti, herriko auto trafikoaren apaltzeak eraginda –semaforoa saihestearren, beharrezkoak ez ziren joan-etorriei uko egin diete hamar herritarretik seik–; eta, bertzetik, biztanleen oinezko joan-etorriek handitu egin baitute jendearen ohiko jarduera fisiko arruntarekiko atxikimendua.
Hainbat ñabardura egin behar dira, ordea. Izan ere, azalduriko emaitza herriko banaz bertzeko osasunari baitagokio. Auzoz auzo eta karrikaz karrika begiraturik, badago aldea. Legarbaratzetik Ziobirainoko bizilagunek, erraterako, estolderia eta hauts partikula ttikiak dituzte arnasketa hoditerietan, baita belarrietan rotaflex oihartzunak ere. Etxera eramandako zikinkeriaren ondoriozko gehiegizko garbiketa beharrek ere izan dute eraginik haien nekearekiko pertzepzioan. Antoiu karrikan bizi direnak ere salbuespenaren barnean sartu ditu Albistur soziologia enpresak. Izan ere, auzo horretako bizilagunek % 40 gehiago irentsi behar izan baitituzte erregai fosilak gas forman. Horri gehitu behar zaizkie hilabeteotan guzietan osasun mentalean izan dituzten arazoak (auto harrapaketekiko gehiegizko izua; eta antsietate soziala, autoetako matrikulei etengabe begiratu eta nor agurtu eta nor ez erabakitzen ibili behar izateagatik).
[Iragarkietarako tartea orain. Garajea salgai, herriko plazatik minutu erdi batera oinez. Interesatuak, deitu telefono zenbaki honetara: 666 73 45 67 Alfergorotz Eztatokirik. Trafikoaren informazioa segidan, Alaia Mariezkurrena kazetariaren eskutik: «Auto pilaketak daude Iturbena kafetegitik hasi eta suhiltzaileen parkera bitarte. Dirudienez, bizikleta bat matxuratu da Estratako bidegurutzeko zebrabidean, eta trafikoa itxita dago bi noranzkoetan»].
Kulturako albiste batekin bukatuko dugu. Lorenzo Elurraran poetak Oinpean poema liburua aurkeztu du gaur goizean; modu berezian aurkeztu ere, langileen hamaiketakoa baliatu baitu ostatuan errezitaldi musikatu bat egiteko. Azaldu duenez, euri zein sargori, langileak galtzada harriak jartzen ikusteak gizakiaren zaurgarritasun absurdua jarri diote begien parean: «Geronen oinpean bizi gara».