Jarri ditu zirujauaren mahaian lanorduak (8, baina ez beti hain zehatz; batzuetan gehiago, normalean gutixeago), lanerako joan-etorriak (30 min, ala gehiago, trafikoaren arabera), loa (6 ala 7, eta, nonbaitetik kendu behar badu, hortik izaten da), etxeko lanak (pare bat: ez da txukunegia, baina, elikatu nahi badu, erosketak gutienez egin behar ditu)… Zenbatean doa? 17,5 oren. 24ra ailegatzeko sei ordu eta erdi, oraindik. Zer arraio egiten du bertze gaineko orduetan? A, bai: kirola (bota 3 ordu, dutxa eta guzi). Hiru ordu eta erdi gelditzen zaizkio, hiru ordu xixtrin eta erdi. Baina hiru ordu, finean: hiru ordu. Bada zerbait.
Adimen artifizialari laguntza eskatzea gogoratu zaio, eta segituan zerrendatu dio zertan pasatu dezakeen pertsona batek denbora. Bere gehikuntzan aipatutako horiek guziak + bertze bi jarduera. Nola ez zitzaizkion bururatu? Lehena, lagunekin eta senideekin egotea. Baina, hain justu, iruditzen zaio ez duela horretarako denborarik. Bigarrena, sakelako telefonoa. Nola ez… Smartphoneari berari galdetzea pentsatu du, eta atera dizkio denborak: egunka, aplikazioka, banaz bertze. Instagramen bi ordu pasatzen omen ditu egunean, gutienez –ez daki hagitz zehatza den–. Tiktoken ordu erdi –ez zaio bereziki gustatzen–. Whatsappen ordu bat –ordu bat? Mezuen erdiak ez ditu erantzuten eta!–. Bertze ordu erdi bat jolasetan. Netflixen ordubete inguru. [*Duela bi aste, sekulako bestondoa zuen igande horretan, orotara sei ordu pasatu zituen pantailari begira (baina serie bat ikusi zuen buklean: horrek ez du kontatzen)]. Ez du aplikazioekin bukatu eta jadanik gainditu du egunaren operazioko 24 orduen muga. Ez da posible. «Ikusten? Ez dut denborarik!».
Lagunekin egoteko tartea oraindik ez du gehitu. Ze, egon, egoten baita, batzuetan. Eta gurasoena, amatxirena –noiztik ez zaio bisitan joan?–. Psikologoarekin ari balitz gisan, zuzenean galdetu dio berriz txatbotari: gomendatuko ote dion irtenbideren bat. Xuxen erantzun ahal izateko, bere denbora faltaren iturri posibleak galdetu dizkio makinak. Erantzun dio, baina gehiago zehazteko eskatu dio tresnak atzera. Hark erantzun. Berriz galdetu… Ohartu denerako loak hartu du sofaren gainean, eta ez du nahi orduko iratzargailua gelditu. Bi audio entzun ditu ernatu bitartean, x 1,5-eko abiaduran. Instagrameko istorioak garbi utzi arte ez ditu zapatak jantzi. Berandu doa kafera. Ez du denborarik.